Udazkenean udaberria

Ezker abertzaleko gizon emakumeok ezin dugu udako hausnarketa eta batzarrek emango duten estrategia politiko-militar ‘berriaren’ zain egon. Guri dagokigu, eta ez beste inori, epe motz, ertain eta luzera begira aurrera eramango dugun estrategia politikoa zehaztea.

Ezker abertzalearen gehiengoak ondo daki borroka armatuaren garaia atzean utzi behar dugula. Ez gaude prest armak isildu zain egoteko. Ez dugu estrategia politiko-militarretan sinesten, ekimena hartu behar dugu; ekimen politikoa. Udaberria zetorrela agindu zuten azkenengoan, udazkena etorri zen kolpera, kolpeka. Udazken berria badator, erakundeak argi eta garbi borroka armatua behin betiko uzten badu etorriko da. Euskal Herriko abertzalegoak, ezker abertzale politikoak, presoek eta biktimek, eta Euskal Herriaren etorkizunak berak, duintasunezko bukaera hori behar dute. Inori kondenaren edo damuaren aitorpen ospetsua eskatu gabe. Herriak behar duen eta eskatzen digun aldaketa etorriko da, estrategia politiko-militar ‘eraginkorra’ definitzeko hausnarketan dihardutenei itxaroten ez badiegu. Erabaki ausartek ausardia eskatzen dute. Herri ikuspegia izatea.

Aldaketak ekarriko du elkarlana. Elkarren aitortzatik hasita egingo dugu eraginkorra ezker abertzale politikoa. Bide soilik politikoen aldarria eta apustua eraman behar dugu hauteskundeetara, erakundeetara, gizartera, kalera, lantegietara eta ikastegietara.

Elkarlanak ematen digu indarra. Abangoardiaren eta lidertzaren helburuen politika maximalistak baztertuz, ezker abertzale politikoak barne egitura guztiz demokratikoa izan behar du. Demokratikoa bere barnean eta bere jokaeretan. Alde batera utzi behar dira gizarteko eragileak erabiltzea eta gidatzea.

Dugun egoeratik abiatu, elkar onartu, borroka armatuari agur esan eta abangoardiak alde batera laga. Oinarri horietatik abiatuta independentziara bidea gauzagarri egitea da ezkerreko abertzaleon erronka. Independentziara bidea esparru subiranistaren esparrua sendotuta bakarrik emango da eta bide horretan ezin dizkiogu ateak inori itxi. Maltzagara arte elkarrekin, etorri gura duen ororekin.

Ezker abertzale zibil, zabal eta euskaltzalean sinesten dugunok lanean jarraituko dugu, udazkenean udaberria etorri dadin. Eta, bitartean, ekainaren 7an, Europara eramango dugu ezkerreko independentiston ahotsa, ezker abertzale berriaren ahotsa. Euskaraz mintzatuko den ahotsa.

Erantzun bat “Udazkenean udaberria” bidalketan

  1. “…Aldaketak ekarriko du elkarlana…”

    edo elkarlanak aldaketa?

    “… Abangoardiaren eta lidertzaren helburuen politika maximalistak baztertuz,…”

    vs.

    “…Europara eramango dugu ezkerreko independentiston ahotsa, ezker abertzale berriaren ahotsa…”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude