Borroka da bide bakarra

Korrikan parte hartu duen bat baino gehiago minduta ikusi nuen atzo. Lagunak dira, alderdikideak… eta Korrikako testigua hartu orduko entzun dute atzetik “putreak”, “UPN torturatzaile NaBai laguntzaile” eta antzerakoak… Egun hauetan asko entzun den ohiua izan ei da “borroka da bide bakarra”.

Ez nago ados borroka bide bakarra dela esaten duenarekin. Uste dut gutxiengo bat dela herri honetan horrela pentsatzen duela. Ezkerreko abertzaleon artean ere gutxiengo bat dira. Hori horrela dela jakin dezaten, kontrakoa pentsatzen dugunok argi esan behar dugu bide soilik zibilen aldeko apustua dela gurea.

Aberri Eguna ere badator, urtero moduan hasita dago zurrumurrua miliek zerbait esango dutena.

Milien zain egon gabe ezker abertzaleak bere osotasunean konpromisoak hartu behar ditu, hitzetatik ekintzetara pasa. Hartuko ditugun konpromisoek argiak behar dute: ez dugu nahi herri hau arma eta meatxu bidez askatzerik eta ez dugu babestuko arma ekintzarik.

Hitzetatik ekintzetara pasata gure proiektua geldiezina da.

6 erantzun “Borroka da bide bakarra” bidalketan

  1. zuek aipatzen duzuen ezker abertzale “ofizialeko” pertsonak ere mintzen dira askotan aralarrek esaten dituenekin, ez ditut patxi zabaletak duela gutxi esandakoak hemen ipiniko.

    “borroka da bide bakarra” esaldiak ez du esan nahi “borroka armatua da bide bakarra”, borrokak ez dauka zertan izan biolentoa.

    zure bloga irakurrita itsu ikusten zaitut, oxel, itsu, eta beharbada “miliei” begira dagoena zu zeu zara. horrenbestetan aipatuta zuk ematen diezu zure ustetan merezi ez duten protagonismoa.

    bukatzeko errepikatuko dizut, indarrak bildu eta batzeko garaia dela,
    eta “gaizki” egindakoei begira egon beharrean, egin ditzagun “onak”.
    eraikitzeko ordua da, eta politikoetatik hasita, zuek zarete beste batzuen ikusmiran zaudetenak.

  2. Ados nago lehenengo erantzunarekin. Guztiz ados. Gainera batez ere amaiera azpimarratu nahiko nuke.

    Badirudi aralarrekoak direla hemen mintzen diren bakarrak. Eta zuen adierazpenak? Ezker abertzale politiko berria? Ezker abertzaleko zinegotziak ze joaten dira metrailetekin ala? Horrek alderdien legearen itzala darama atzean….  Horrek bai mintzen duela!!!

    Gainera, NaBain PNV dago  ezta? Beraz torturaren erantzuleak  badaude bertan. Beraz…..

    Halere, hau esanda, aurreko erantzuneko azken parrafoarekin geratzen naiz.

  3. Atzera begiratu, autokritika egin eta egindako akatsetatik ikasi behar genuke. Eta berriro ez egiteko erabakiak hartu. Politiko guztiok maizago egin behar genuke hori, ona litzake.

    Indarrak bildu eta batzeko garaia da, ados. Baina ez edozein modutan. Ezkerrekoak eta abertzaleok garenok aukeran gaude eraikitzeko, denon artean eraiki behar genuken proiektuak behar luke oinarri sendoa: elkar errespetua eta elkar onartzea, sufrimendu guztien aitortza, gatazka politikoa gainditzeko pausuak eman (soilik bide zibilen aldeko apustua eta bortxakeria espresio guztien aurreran jarrera irmoa), erabakitzeko eskubidearen aldekoen arteko elkarlanean sakontzea eta herri hau ezkerretik, politika aurrerakoiak bultzatuta, aurrera ateratzeko lana.

  4. diskurtso polita. zera gehituko nioke horri. atzera begiratzeaz gain, gaur egun egiten ditugun akatsetatik ere ikasi behar dugu.

    idatziz oso ondo geratzen den kontu bat da idatzi duzuna eta nik aipatutakoa ere. indarrak biltzeko garaia, sufrimendu guztien aitortza eta parametro horietan gehiago sufritu ez dadin lan egitea dagokigu.
    eta zinez esaten dizut, aralarrek azken hilabeteotan (batez ere hauteskundetara begira) edukitako diskurtsoa  askorentzat iraingarria dela, “beste” ezker abertzalearekiko zuen ezberdintasuna ez baita “zibiltasuna”, hori argi geratu dadila.

  5. Aipatuko ditut lau desberdintasun:

    – Erakundeetan parte hartzeko hautua. Ilegalizazioak tarteko desberdintasun honetan ez dut indarrik egingo. Gauzatxo bat bakarrik, gustokoak izan edo ez dauden erakundeak daude eta hauetan parte hartzeko ahalegina behar da egin.

    – Zabala behar du ezker abertzale berriak: zehaztu behar da nola hartuko diren erabakiak, militanteen parte hartzea erabakietan. Batasuna prozesuan hauxe izan zen eztabaidaren gakoetako bat.

    – Ezkerreko politiken aldeko apustuak, herri hau politika aurrerakoiak bultzatuta aurrera ateratzeak ezin du bigarren plano baten egon. Gutxiago gaur egun bizi dugun egoeran.

    – Zibila behar du ezker abertzale berriak: motz geratzen da esatea ezker abertzalean bere osotasunean bide zibilen aldeko apustua egiten duela. Motz geratzen da esatea ezker abertzaleak bere osotasunean konpromisoa hartzen duela biolentzia ez erabiltzekoa. Pausua litzake, aurrera pausua, baina motza. Zehaztu behar duguna da ekintza armatu baten aurrean, alde batekoan edo bestekoan, zein izango den ezker abertzaleak bere osotasunean duen jarrera. Hortxe dago gakoa, zehaztapen horretan.

    Berdintasunak ere aipatu nahi nituzke kostatu zaigulako adostasun hauetara iristea. Gaur bat aipatuko dut: ezker abertzaleak bere osotasunean errespetatzen duela herrialde bakoitzren erritmoa eta herrialde bakoitzaren autonomia.

  6. zein epelak zareten. koitaduak. Zein demokratak.

    biolentziaren monopolioaren aldekoa zara zu, oxel. Beti ETA ri armak uzteko eskatzen, eta ahazten duzu herri honetan erakunde armatu asko dagoela. Eta beraiei inoiz ez diezu eskatu armak uzteko. Beraien indarkeria legitimatzen duzu. Eta herriarena mespretxatu.

    Eta 36ko gudariak zein bide erabili zuten?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude