Txalo zaparradarekin hartu dute ezker abertzaleko beste sensibilidadekoek Eusko Alkartasunak bakarrik joatea erabaki izana. Duela bi urteko erretratua ekarri dit gogora, mozolo mozolo maitaminduta zeudeneko itxura ematen zutenekoa. Orduko hauteskunde aurrean apurtu zen dena, udaberriko koloreak zetozela zin egin eta udan udazkena etorri zenean.
Ondo etorri EA polo soberanistara. Ezkerrekoak eta abertzaleak garenok ordea ezkerreko polo soberanista da indartu behar duguna. Egunero egunero politika atzerakoiak bultzatzen diharduten, EAJ eta EAren ezkerretara osatu behar dugun indar metaketa. Ezker abertzaleko sensibilidade politiko desberdinok, sindikatuek eta bestelako hainbat eragilek militarrei lekua kenduko dien mugimendu zibila osatu behar dugu, ezker abertzale politikoa indartu. Ezkerreko polo soberanista epe ertainerako estrategia da.
Epe motzerako estrategiekin nahastea, hauteskundeekin nahastea, akatsa litzateke: interes partidistak alde batera lagatzeko ohituta ez dutenek ez lukete bideragarri egingo eta arriskua legoke herritarren ilusioa, hamaikagarren aldiz, popatik botatzeko.
Ezker abertzale politikoa indartzeko estrategiari eutziz, hauteskundeetan bere proiektu politikoa defendatuko du Aralarrek. Ezker abertzale zibila, zabala, eraldatzailea eta eraginkorra. Hau izango da zapatuan izango dugun batzarrean zuzendaritzak proposatuko duena. Erabakia afiliatuekin batera hartuko dugu.