Herritarren bistan

Erabakiak hartzeko foro itxia, gobernu batzordea, kendu egin genuen Elgetako udaletxean ardurak hartu genituenean. Arrazoiak bi: alderdi politiko guztiek parte hartzeko aukera daukaten batzarretan hartzea erabakiak eta herritarrek izan dezatela parte hartzeko aukera.

Batzordeak irekiak dira gure herrian, gura duenak hartu dezake parte bai eztabaidan eta bai erabakian. Udal-aurrekontuetan diru partida zehatzak daude batzorde bakoitzarentzako eta bertan erabakitzen da diru horri zein bide eman.

Normalean adostasuna egoten da batzordeetan. Adostasuna ez dagoenerako bozketa nola egin ez dago adostuta, adostu beharra daukagu baina ez da erraza: teknikoek botoa daukaten edo ez, alderdietako ordezkarien botoak berdin balio duen edo herritarrek emandako ordezkaritzaren araberakoa izan behar duen, elkarteetako ordezkarien botoak berdin balio duen edo bakoitzak dituen bazkideen araberakoa izan behar duen, maiztasunez parte hartzen duen herritarraren eta behin gai konkretu baten gainean datorrenaren botoak berdin balio du, gai baten gainean hogei herritar badatoz hogeiek eman dezakete botoa…

Esandako moduan normalean adostasuna egoten da batzordeetan. Oinezkoentzako lehentasuna gura dugun kaleetarako arautegia lantzen dihardugu eta honetan ez dago adostasunik politikoen artean. Zenbait herritar ere etorri dira batzordera proposamena ez dutela gustoko esatera. Neurriak hartzea presazkoa dela uste dutenak ere badaude.

Danerako iritziak daudenez eta azken erabakia hartu aurretik Udalak adostu duen proposamena herritarrei aurkeztu gura diegunez, hemen orain arte eman ditugun pausuak:
1.- Batzordean proposamena aurkeztu zuen Aralarrek.
2.- Epea eman beste alderdiei gure proposamenari ekarpenak egiteko.
3.- Ekarpenak batzordean eztabaidatu ziren.
4.- Batzordera etorritako herritarren iritzia entzun genuen.
5.- ANVrekin arautegi proposamena adostu genuen eta udalbatzarrean aurkeztu.
6.- Udalbatzarrak herritarrei aurkeztuko dien proposamena onartu zuen.

Arautegia behin betiko onartu aurretik, herritarren iritzia jaso gura dugu. Arautegiaren proposamenaren berri herritarrei nola emango diegun eztabaidatuko dugu hurrengo batzordean. Hemen ideia batzuk:
– Udal-webgunean arautegi proposamena jeisteko aukera eman.
– Etxe guztietan arautegi proposamena banatu.
– Herritarrekin batzarrak egin proposamena aurkezteko. Zalantza! Batzar bat guztientzako, batzarrak kaleka…
– Epea zabaldu arautegi proposamenari ekarpenak egiteko.
– Inkesta bat banatu gaiaren gaineko hainbat galderarekin: aparkatzeko nahiko leku dagoen edo ez, autoa garajean sartzeko ohitura dugun edo ez, oinezkoek lehentasuna duten kaleetan aparkatzen utzi behar den edo bakarrik zamalanetarako aukera eman, isunak jarri behar diren edo ez…

Bukaeran herritarrek esandakoaren balorazio bat egin beharko da batzordean, agian arautegia egokitu beharko da, agian herritarrek ez dute gura hainbat kaletan oinezkoek lehentasuna izatea.

Ni oinezkoek lehentasuna izatearen alde. Eta zu?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude