LA ESCONDRILLA

Nahiz eta zuhaitz asko ikusi ez, Zugaztieta izenez ezagutzen da ingurua.  Meategietako ustiaketek eraldatu zuten inguruaren hasierako itxura eta egun, oraindik ere, meategi guztiak itxiak badira ere, iraganera daraman bisita gidatu gisa aurkezten zaigu. Leherketen ondorioz zabaldutako sakonerak urpean geratu dira eta diotenez, arrantzarako egokiak diren lakuak bilakatu dira.  Pikatxoia eta palaren ordez iparroratza eta mapa ditut eskuetan;  ingurua ustiatzen laguntzeko edo, gaurkoan beharrezkoak ditudan elementuak ei dira.

Herriko kanposantutik aterako garela entzun diot antolatzailetako bati. Aldats piko batek eramango gaitu bertara; gogoan dut duela lau bat urte Euskal Herriko itzulia bertan bukatu zen unea. Egun hauetan zaletuak Emakumeen Biran eta Giroan dabiltzan bezalaxe, bide bazterrean izan ginen txirrindulariak animatzen, orduan kamiseta laranja soinean.

Alabetako gazteenak Trapagaranetik Larrañetarako bidean ikusi duen bezalako funikularrik ote dagoen galdetu dit. Zoritxarrez “La Escondrilla” izeneko  tren txikiak ez du parekorik burdin koloreko bailara herdoilduan. Lehen izerdi tantak utzi ditugu hilerrrirako bidean eta han, muinoan, gertatu dute orientazio lasterketarako irteera.

Orduaren zai, Laudioko lagun batekin aritu naiz solasean. Triatloi mundua arrotzegia suertatzen bazait ere, Bilboko lasterketan bezperan gertatutakoaren berri eman dit; australiar emakume bat gailendu omen da erraz  eta honen atzetik, lasterketa ederra eginez, Laudioko lagun zintzoaren arreba. Segundu batzuk baino gelditzen ez diren horretan, irudikatu ditut ere Lasa eta Arnaiz Lanzarotekoan.

Arkaitz artean izan behar duen baliza baten bila, parean dudan Santurtziko Serantes mendiak Gorgomendiko tontorra gogorarazi dit. Izan ere, irailean Oñatin ospatuko den Kilometroak jaiaren baitan, Aloñako gurutzean batu dira Txantxiku ikastolako hainbat irakasle, guraso eta ikasle. Sakonegia ez den zulo batean aurkitu dut baliza madarikatua.

Lasterketaren zatirik konplexuenera iritsi naizela argi dago; “Peñas Negras”eko laberinto karstikoan barna, mapa interpretatu nahian nabil. Zaila egiten zait benetan balizetako bat aurkitzen; agian, meatzariek erabili ohi zuten dinamita sorta aldean banu…

Meatzarien barrakoiak aspaldik desagertu ziren. Gaur egun aisialdirako mahai eta gresillak ikusten dira nonahi. Eta halako mahai mardul batean aztertu dugu Zugaztigieta eta Peñas Negrasek eskainitakoa. “ Yo soy minero…” abestea baino ez zait geratzen. En fin…

Beste barik, eta giharrak minduta, igande arratsaldeko planari ekin diogu. Etxerako bidean Oletaraino heldu gara. Ederra dago Oleta; pagadi eta arizti berde eta biziak Orixoleko gris koloreko arkaitzekin nahasten dira. Gustura hartuko dut Otalarrako itzalpean bazkalosteko kafe hutsa; gaurkoan, ohiturei eutsiz, bikoitza.

Kafe beroak eztarria aldrebestu dit; azukrearen ordez meategietako dinamita duelakoan nago. Laberintoko korridorean faringea eta laringea hasarratu baliran legez. Oletako isiltasunetik Oñatira bueltatzeko garaia da. Ez dugu ” La Escondrilla”  Kruzetan gora egiteko. Anbotostetik eguzkia ezkutatzen hasi da dagoeneko.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude