Trail denboraldiari bukaera eman eta nolabaiteko atsedenaldiaren ondoren, Orientazio kirolari tarte bat eskaintzeko unea iritsi zait. Irailean zehar, berriro ere, giharretako arazo jakin batzuei aurre egin ondoren, urria fisikoki, eta nola ez, sikikoki ere, indartzeko aproposa izan da.
Ordu aldaketa gainean genuela, Urkiolako Rogainean parte hartzeko aukera aztertzen hasi nintzen. Horren aberatsa eta ikusgarria den inguruan balizen bila aritzea erakargarria iruditu zitzaidan. Aitzitik, oraindik ere, ez nuen ene burua sasoi puntu egokian ikusten eta horrela, Maiderri luzatu nion erronka. Nire harridurarako baiezko erantzuna jaso nuen. Azkar batean eman nuen izena 7 orduko frogarako.
3 edota 7 orduko Rogaineak eskaintzen baziren ere; bigarrenak lasaigo ibiltzeko aukera emango zigulakoan nintzen. Nahiz eta, ordu guztiak erabili ez, 3 orduen menpe ez egoteak lasaitasun puntu bat emango zigulakoan nengoen.
Hona hemen kronika txiki bat:
<< Beharrezko guztia motxiletan dugula iritsi gara Urkiolara. Azaldu digutenez, Saibi eta Mugarra mendiak lotzen dituen eremuan izango da erronka. Gogoan dugu oraindik, Oletan pasatzen genituen udako egun zoragarri haietako batean neskatilekin egin genuen ibilbide aparta. Urkiolatik atera eta Saibiko gurutzea eta lubakiak bisitatu ostean, Zumeltzara heldu ginen. Derrigorrezko hamaiketakoa egin eta Otxandiotik pasatuz, Oletako baserrian bukatu genuen ibilbidea. Gaur baina, mapak aginduko digu nora jo.
Toki Alai izeneko gunean jaso dugu mapa. Hemendik aurrera 7 ordu ahalik eta baliza gehien aurkitzeko. Goazen bada, estrategia kudeatzera. Mapa zabala da, derrepenteko begirada baten askotariko paisaiak antzematen dira, aniztasuna da nagusi. Nabariak dira bi isuarialdeak; hegoaldekoan erliebe bigunagoak marrazten dira eta basoa da nagusi. Iparraldekoan berriz, sestra- kurbek ez dute gezurrik esaten eta arkaitzek eremu karstiko basati bat irudikatzen dute.
Maider eta biok hegoaldeko balizak aurkitzeko ahalegina egingo dugu. Baso batzuk sastrakaz josita badaude ere, beste batzuetan pagadi eta hariztiak nabarmentzen dira. Saibirako igoera ere, aipatu gurako nuke. Haize zakar batek igoera perfektua eragotzi badigu ere, gustura jaso dugu bertako gurutzeak eskaini dizkigun 9 puntuak. Han eta hemen, balizen bila ibili ostean eremu karstiko batera heldu gara; horren teknikoa ez badirudi ere, bertan dagoen balizak hamaika lan eman dizkigu. Guse laguna ere, aurkitu ezinean dabil baliza malapartatua. Azkenean, alde batera jare behar genuenean, kabazulo txiki batean aurkitu dugu ditxosozko baliza.
Helmugatik kotxerako bidea luzea dela jakinik, Maider eta biok lasterketari bukaera ematea erabaki dugu. Ia 5 orduko ahaleginaren ostean gustura hartu dugu antolakuntzak eskaini digun edan eta jatekoa.
Portatu da Maider. Ea hurrengo batean ere, ausartu eta animatzen den tankerako Rogaine bat egitera. Orain Urkiolako harriari bira egitea baino ez zaigu falta. Je, je. >>
Eta Urkiolatik Brionesera. Orientazioko Ipar Ligako frogara. Hementxe kronika:
<< Rogaine alde batera utzi eta Briones herriak eskaini digu orientazioz betetako asteburua. Larunbatean sprint eran jokatuko den errelebo mixtoen lasterketa eta igandean berriz, luzera ertaineko froga interesgarri bat. Mahastiak eta harkaitzez beteriko gaintxo bat batzen diren eremuan. Bastidan lo egiteko lekua izanik, asteburu ederra.
Briones gaur egun Errioxako herri dotore bat bada ere, Nafarroako hiri garrantzitsu bat izan zela erakusten digu historiak. Garai hartan Nafarroako Sonsierra. 80 bat metroko garaiera duen muino batean kokatzen da eta iparraldean Ebro ibaia dauka. Honen ibilgu zigizagatsuak, gotorleku bat bailitzan ageri den Kantauri mendizerra are ederragoa egiten du.
Haizeak bazterrak astintzen ditu. Haize boladek hainbat leihotatik zintzilikatuak dauden koadrodun alkandora eta maindire zuriak dantzan jarri ditu. Hesiak ezin dira zutik mantendu eta zahar itxura duten kafetegi modernoetako sonbrilen hagatxoak okertuak daude dagoeneko.
Hirugarren lekuan atera naiz erreleboen lasterketan. Erdi Aroko kale estuek orientaziorako jarduna are entretenigarriagoa egiten dute. Hainbat zulotan, garai bateko upeldegietarako sarreretan agian, aurkitu ditugu balizak. Ariketa azkarra bezain ederra iruditu zait Brionesekoa.
Bastidan pasa ditut arrtsaldeko azken orduak. Ardo pare bati ezin muzin egin. Triste dago Bastida; izan ere, mahats bilketaren osteko asteak oso lasaiak izaten dira bertan. Hainbat tabernek ateak ixten dituzte; merezitako oporren sasoia delako. Eliza nagusiaren alde ilunenetik jeisten den kale estuak egiten dio harrera Toloñotik datorren haize lehunari. Hosto multzo baten joan etorriak, harresi zaharreko zutabetara begira jarri ditu nire begiak. Badu herri honek xarma.
Konpetizio gunea ezin aurkitu nabil. Boletineko informazioa ganoraz ez irakurtzeak, badu eraginik. Orientazioko ikurren arrastoren bat ikusi nahian, Gimileo herriraino iritsi naiz. Earki nabil. Lasterketan ere, horrela banabil, akabo. Wasap bidez heldu zaidan mezu bati esker jakin dut kokapena; Vivanco upeldegiaren pareko gasolindegian ei dago konpetizio gunea.
Nahiz eta, urte osoan mahastietako lanek atsedenik izan ez, azaroa hilabete lasaia da mahasgintzarako. Hilabete honetan bukatzen dira ongarritze- lanak eta mahastiaren sastrakak kentzeko eta inausteko lanekin hasten dira. Horregatik, egon dira antolatzaileak hilabete honen zai. Balizaren bat edo beste aurkitzeko ahaleginean mahastiren bat zapalduko baitugu derrigorrez.
Gustuko jarduna burutu dut Brionesen. Paisai ezberdinek ornitutako mapak kontrol puntuak erasotzeko aukera ezberdinak eskaintzen dituzte. Han eta hemengo mahastiak edota harkaitzez beteriko muino eta gaintxo intersgarriak, mugarritutako pinudian ganoraz uztartzen dira. Balekoa izan da lasterketa; proiektu eta erronka berriei begira, bidean suertatu den baleko entrenamendua.