SANTA MARIA- GORBEIA

Sarri aritzen gara interneten zer begiratu ez dakigula. Ditugun interesen arabera mugitzen gara pantailan ikusten ditugun orrialde birtualetan. Com, es, net edota geurera etorrita eus ere dituzten akaberekin dantzan. Eta era honetan, telesaileren bat ikusten bukatu eta beste bat aukeratzeko zalantzak nituen une horietako batean, iragarki antzeko batek nire arreta aspertua esnatu zuen. Gasteizeko puntu altuenetik Arabako altuenera eramango duen lasterketa bat agertu zait; berehala konturatu naiz nire gustu, interes edota korrika egiteko moduari  begira, aproposa izan daitekeela.

Ez dut gehigi pentsatu. Berahala eman dut izena lasterketa erakargarri honetan. Lasterketa maiatzaren 27an izango da; udaberrian egin ditudan maratoi erdiei esker, bolumena landuta daukadala esango nuke. Halere, beste aspektu batzuk hobetu beharko ditut. Goazen bada!!!!

Maiatzaren 27a oharkabean heldu da. Aste guztian zehar beroa izan dugu nagusi geurean eta gurkoan ere, halaxe espero da. Goizeko 7.30etarako heldu naiz Gasteizera; iragarri bezala ordu honetarako 18º tenperatura markatzen du Ramiro de Maeztu kaleko botikako termometroak. Gaupaseroren batekin trikitx egin eta gero, Santa Maria plazara gerturatu naiz. Urduri nago baina  ez dago atzera bueltarik.

KM 0: Begitarte serio samarra dut. Garai bateko Martin Ttipiak Gasteizeko setioan izango zuen antzerakoa; Gaztelako Alfontso VIIIak itotzerainoko setioa agindu zuen Gasteizeko nafar zintzoen aurka. Nafarroako Antso indartsuaren agindutara zegoen Martin Ttipiak tinko eutsi zien Gaztelako erasoei. Eta ni ,Santa Maria plaza honetan, bertan izan ziren nafar haiekin gogoratu naiz. Betiko argia Nafarroa.

Km 1: Lehen metroak aldapa behera egin ditugu; erritmo eroso bat hartzeko aproposa izan da. Dagoeneko pultsometroak pasa behar ez naizen zenbakia adierazten dit.

Km 3: Gasteizeko kanposantua atzean utzi dugu eta Abetxuko inguruko ortu eta baratzetatik pasa bezain azkar, Arakara eramaten gaituen bidea utzi dugu geure eskubitara. Aita bertan izan zela gogoratu dut. Ni neu “objetore” izan nintzen, Azkoagaingo tabernan Kas “de fresa” edota “saretxo” zerbitzatzen. E. H. intsumisoa !!! borroka egin zuten gazte haiek gogoan. Eskerrik asko.

Km 6; Beroa eta hezetasuna nabaria da; 18. Kilometrora indartsu eta ondo hidratatuta iritsi beharra dago. Erripa eta aldapatxo tenteetan erritmoa jeitsi beharra dago. Pultsomnetroa beti lagun.

Km 10: Helburu dugun tontorrak izena ematen dion merkatal gunera ere iritsi gara. Etxabarri Ibiñako gaintxora heltzea uste baino gehiago kostatu zait. Halere, ez nago arduratuta. Ondo nago.

Km 15: Gopegiko bidegurutzean zaletu edota familia- lagun ugari batu da. Geure ahalegina gogotik txalotu dute. Ezkerreko zelaian dagoen ikurrin erraldoiari begiratu diot; asfaltu gaineko azken kilometroak irensteko azken bultzadatxoa eman dit.

Km 18: Gopegitik Muruako aparkalekurainoko bidea gaiztoa da benetan. Gora, behera, berriro gora. Lehertzerainoko profila eskaintzen du. Indarrak kudeatu eta konturatu orduko iritsi naiz Maiderren parera. Logistika martxan dago; oinetakoak aldatu, gel bat irentsi eta Gorbeiarako bidean jarri naiz.

Km 20: Lehen kilometrotan ez dago aldapa handirik.

Km 23: Lehen aldapa potenteak pasa ostean, atsedenalditxo batez gozatzeko aukera izan dugu; neuk baina, korrika egiteari ekin diot eta 200 bat metro egin ditudanean, koadrizepsak keinu itsusi bat egin dit. “hi Osi!!! lasai fan hadi”.

Km 25: Beldurrez, tontorrerainoko bidea oinez egitea erabaki dut. Oinez banoa ere, pausu azkarrean noa. Dagoeneko Gorbeiako gurutzea ikusten dut.

Km 27: Azken metroak banderolez mugatutako zuzenean egin ditut. Hau bai alfonbra berdea. Alabaren azken oihuek eraman naute Gorbeiako gurutzean ezarri duten helmugara. Gozamena.

Datorren urtera begira nago dagoeneko. Ez da mendiko trail lasterketa horietako bat, asfaltu gainean egiten den horietako bat ere ez. Bien arteko nahasketa eder bat da. Behar bezala kudeatu beharra dagoen froga berri eta erakargarri bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude