VALLADOLIDA

Xarma handirik ez du Valladolided. Fatxallodid bezala ere, ezagutu izan dugu. Bertan izan naizen aldietan, ez dut inguruak ezagutzeko aukera garbirik izan. Orientazio kirolak horrela bultzatuta nabil Dueroko Tutera edo Dueroko Laguna izeneko herrietan; herri hauek baina, ez daude hiriburutik urruti eta beraz, garai batean orduko Espainiako hiriburua izan zena bisitatzeko aukera aprobetxatuko dut.

Oraingo honetan ere, Ipar Ligako froga dagoela eta, abiatu naiz bertara. Osteguna bitartean plan borobil bat egiteko gertu ginen Guse eta biok. Ostiralerako baina, bertan behera geratu ziren buruan genituen abenturak. Izan ere, birus malapartatu hau tarteko, etxerako plana egin behar izan du Gusek.  Ea bada, Valladolid Suedia ala Norbegiagatik trukatzeko gai garen; hurrengo baten, agian.

Bidean, eta Ameiugora iritsi ahala, eguraldiak Burgosa bitartean bederen, ez didala lagunduko konturatu naiz. Elur maluta xumeek zuriz margotu nahi dituzte harrizko pareta tinkoak; automobila soseguz daramat haitzartean barrena, bi mundu ezberdin bereizi nahi  dituen harresi naturalari so. Pankorboraino meharguea ederra da, are ederragoa izango da inguruan ibilaldi bat egitea. Hortxe beste baterako plana.

Burgos pasa eta Valladoliderako bidea hartu ahala, eguzki izpiak agertzen hasi dira. Musika ekipoa piztuta daramat; gazteagoa nintzenean entzuten nituen talde rockeroek alaitzen didate bidea. Gaur egun, alabak nerakin badatoz, kotxean debekatuak  dituzten kantak dira. Ozen kantatzeko parada dudanez, ez naiz lotsatzen. “ Dolores se llamaba Lola, hace la calle hasta las…”.  Grabatuta ditudan abestiak birritan entzuteko denbora eman dit Montemayor de Pilillararteko bidaiak. Konpetizio gunera gerturatu aurretik ingurua aztertzeko aukera izan dut. Zuhaitz multzo sakabanatuak ikusten dira ordeka amaigabean. Pinua nagusitzen da haritz edota lizarrek euren burua erakutsi nahi duten paisai lehorrean. Urrutian, herriren bateko  kanpai dorrea izan daitekeena antzematen da; garia gordetzeko erabiltzen duten hori koloreko eraikin laukizuzen bat ez bada behintzat. Soroak zeharkatzen dituzten hartxintxar bidezka zuzenegiak, tankerako beste batzukin elkartzen dira perpentilularki; zuzen orientatzeko baliabide egokia dela otu zait, ea bada.

Ez da sprint erako lehiaketa gehien atsegin dudan formatua. Zalapartaka ateratzen naiz balizen bila eto honek ez du errazten arrakasta. Lehen balizetan itxuran banail ere, jakin badakit, helmugara heldu aurretik  akats inozoren baten erruz galduko dudala  aurrez irabazitako denbora. Eta halaxe gertatu da. Azken hiru kontrol puntuak inguruan ziren beste batzukin nahastu ditut eta kaka!!! Azkar batean, aldatu eta hotelerantz abiatu naiz; dutxa bero baten osteko orduez gozatzeko unea da.

La Cisterniga izenako herrian hartu dut ostatu. Ganorazko hotela dirudi. Afaltzeko eskaintzen duten menuak ere, itxura ederra du. Beraz, bertan afalltzea erabaki dut; aurretik baina, Simancasa jaoango naiz. Bertan bada bisitatu nahi dudan zerbait. Pisuerga ibaiaren ekuinaldean dago herria. Hiribilduan garai bateko gotorlekua edo Errege Artxiboa nabarmentzen da; harlanduz eraikia. Bertan Espainiako errege- erreginek beren koroaren eta erresuma osoaren paper guztien artxiboa dute. Baina artxibo bilakatu aurretik gartzela ere izan zen. Orduko Gaztelako errege Karlos Iak, Nafarroako Pedro Mariskala sartu zuen bertan preso. Zendu ere, bertan zendu zen. Mariskala beti fidel mantendu zen bere erregeekiko, Nafarroako erregeekiko alegia. Pedro gogoan, argazkia atera dut. Valladolid hirian, sartu- irtena egitea erabaki dut, erabaki petrala benetan. Black Fraiday omen da, parkinak topera eta semáfororen batera gerturatzen naizen bakoitzean, beti kolore bera, gorrria. Hoteleko tabernan eta ardo bat hartzen ari naizen honetan, Valladolid erdira zergatik sartu ote naizen galdetzen diot behin eta berriz nire buruari. Han galdutako denbora eta sprintekoa, biak ala biak, alferrikoak.

Exif_JPEG_420

Goiz esnatu naiz. Distantzia luzeko froga zai daukat Montemayor de Pililla herri kastellanoan. Bart gaueko afaria balekoa izan dela esan  dezaket; halere, aldameneko mahiko gazteen elkarrizketek gogaitu naute. Konbibentzietako gazteek eguneroko bizitza eta eliza, era akrobatikoegian lotzen aritu dira. Haiek agian ez, baina gainerakook gogoitzeko besteko hitz- aspertua izan dute. Kotxeetako leihoetan nabaria da gauean zehar egin duen hotza; izotzak zelai berdeak ezezik, kotxeetako beirak ere kolore zuri disdiratsu batez margotu ditu. Eskularruak beharko ditut mapa eta iparroartza atzamarretan nabaritzeko bederen.

Lasterketa azkarra bezain erakargarria iruditu zait. Hanka sartze bat edo beste egin arrren gustura heldu naiz helmugara. Nire harridudarako lehen postuan nago baina jakin badakit ez dudala lehen postu horretan denbora luzez iraungo. Dagoeneko etxerako bidea hartu dut. Iragarri duten eguraldi eskasak bueltarako bidea aldrebestu dezakelakoan nago eta ondorioz, Burgos lehenbailehen pasatzea nahiko nuke.

Pankorboko mehargunean elurra dagoenez, abiadura murriztu egin behar izan dugu. Gogaituta, bide bazterrean gelditzea erabaki dut. Kafea hartzen ari naziela ekin diot lau berba hauek idazteari.  Valladoliderako eskapadatxoa. Orain Pankorbon banago ere.

Xarma handirik ez badu ere, gustura etortzen naiz Valladolida.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude