SORIA (2)

Vinuesa herrian afaldu dut. Kanpinetik ateratzen den bidexka batek eraman nau herrira. Marra zuri- gorriak jarraitu, igerileku publikora heldu eta bost minutu inguruko paseotxo baten ostean iritsi naiz kale nagusira. Egitaraua aztertu dut arkume goxo bat dastatzen dudan bitartean; bihar Covaleda, distantzia luzea.

Covaleda herria pasa ahala, “campamento juvenil” dioen kartel bat ikusi dut. Bertan dago antolatuta konpetizio gunea. Soriako iparraldea pinudiez josita dago; badirudi pinuek agintzen dutela erliebe eta paisaian, han eta hemen erabakitzen dutela zenbaterainoko itzala eskaini. Covaledako kanpanduan, pinudien erdian zabaldutako zabalgune itzela dago; garai bateko gazte frankistek formakuntza militarra jasotzeko gertatua nonbait.  Eta honen lekuko, harrizko arku eder batean, Caudilloaren irudia; en fin.

Lasterketa distantzia luzekoa bada ere, teknikoa ere bada. Harri eta arkaitzen formak interpretatu beharra dago. Bigarren balizara iristeko biderik egokiena aukeratzen zalantzak izan ditut edota arkaitzen artetik ateratzeko orduan narabide bat edo beste hartzeko orduan ere. Helmugan gustura.

Arratsaldea Castroviejo izeneko paraje ederrean pasako dut. Harri borobilen forma ezberdinez gozatzeko aukera paregabea da. Ur- jauzi txikiek gortinak bailiran, kobazuloko sarrerak estaltzeko ahaleginean antzematen ditut eta ez dakit zergatik, baina, barnean izan daitekena irudikatzen dut ene barnean.

Sprint lasterketak. Soria eta Vinuesa.

Alameda de Cervantes parkea aisialdirako paregabea da. Sprint erako lasterketaren helmuga bertan dago; hizki hori erraldoien itzalean eta moketa bat dirudien  zelai berdean. Mapa hartu ahala, niretzat aproposa den lasterketa dela ohartu naiz; azkarra. Aitzitik eta presaren presaz edo, okerreko bidea hartu dut lehen balizan. Ezustean Soriako hilerrian sartu naiz; ez naiz akatsaz konturatu harik eta langileak zera esan didan arte: “no creo q tengas a nadie aquí”. Gainerako baliza guztiak ederto jaso ditut baina hilerrian galdutako minutu pareak min asko egin dit.

Vinuesako sprinta ia bertan behera geratu da; irteera baino 30 bat minutu lehenago ekaitza lehertu baita herrian. Kaskabarrak herriko kale estuak zuritu ditu eta zalantzak izan ditu antolakuntzak. Erabakiak erabaki lasterketa ospatu da. Kale estu eta aldrebesek akats bat edo beste egitera kondenatu naute; okerreko narabidea hartzera derrigortu naute birritan. Ez dut lasterketa ona egin.

Baina plana dago. Plana dago Vinuesan. Iñaki urretxuarra eta Aran zarauztarra ere, gerturatu dira kanpinera eta afaltzera goaz GOTeko beste kideekin. Orain arteko lasterketen inguruko iritzi, komentario eta pasadisuen biltzarra izan da.

Kanpin dendan sartu naizenean eta mobileko linterna itzali dudanean, oraindik ere, aurretik ditugun lasterketeei begira jarri naiz. Lasterketak Valonsadero eta Navalenon ditugu baina turismo kultural eta gastronomikoa, non???? Calatañazor herrian adibidez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude