BAT BUKATU ETA BESTE BAT HASI

Portillo eta Tudela del Duero izeneko herri castellanoetan izan gara asteburuan. Orientazio denboraldia agurtzeko inguru aproposak izan dira; beharbada, baliza, mapa eta antzerakoaz ase nago eta beraz, bada garaia atsedena hartzeko. Aitzitik, nahiko gustura nago denboraldiak eman duenarekin. Lasterketa batzuk zapore gazi- gozoa utzi badidate ere, neure neurrira eginiko kirol bat dela esango nuke.

RAID denboraldiaren hasiera  makal samarra izan zen. Olasgasti eta biok, uste baino arazo gehiago izan genituen lehen Raidetan estrategiarekin. Halere, azken lasterketak ganoraz egin ditugu. Arratiakoan estrategia apropos baten faltak baino, ausardia ezak  kondenatu gintuen; itxiera ordua baino ordubete lehenago iritsi ginen Igorreko kiroldegiko helmugara. Bizikletak distiratsu uzteko balio izan zuen sikiera. Gero eta oñatiar gehiago ari da RAID mundura gerturatzen; bazkari garaiko tertuliak aberatsak dira benetan. Jende jatorra.

Mendiko lasterketetan ere aritu naiz urtean zehar. Aipagarriena Benasken egin nuen “Vuelta Pico Cerler” bada ere, bada besterik. Esate baterako Haroko San Felices askarigunea inguratzen duten mendien barna eginikoa. Aipatutako bi lasterketen artean antzekotasunak aurkitzea zaila egiten zait:

Vuelta Pico Cerler: San Joan bezperan piztu genuen sua kupidagabea izan zen nirekin; ilobarekin egindako jauzi malapartatu hark jokoz kanpo utzi ninduen hilabetez. Bihurritua sendatu eta astebetera, Benasken nintzen. Zalantza askorekin atera banintzen ere, lasterketa txukuna burutu nuen.  Luzea eta desnibel handikoa izan zen. Gustura.

San Felizes: Gutxi dira aldapan behera hasten diren lasterketak. Laburra omen zelako eta lehen kilometrotan altuera galtzen genuelako ziztu bizian atera nintzen. Jon Mikel, Txomin, eta biok hartu genuen parte lasterketan. Froga osteko folklore kontuetatik hanka egin genuen, agian itxulapikoak apurtzeko jokuan ez genuelako arrakastarik izan. Bai ordea, vermouth beltzarekin.

Baina bada denboraldi osoari zentzua ematen dion ekitaldi, egitasmo edo antzerakorik. Maratoia alegia. Beste kirol batzuk egiten banabil ere, atletismo jardunak pozten nau eta eramaten nau beste kirol batzuk praktikatzera. Jarri naiz beraz, denboraldi berriari begira; entrenamendu ezberdinak egiteko eta atletismo froga berriak egiteko garaia da. Cros denboraldia ere, hasi da dagoeneko. Ikus dezagun.

Bukatu dira beraz, mendiko lanak. Goazen benetako zapatillak jartzera eta has gaitezen kilometroak irensten.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude