BILBO CITY RACE

Kotxeko aurreko beira guztiz lausotua dago.  Antza, gau fresko samarra pasa dugu. Irratia piztu dudan horretan ohartu naiz lau bat minutu barru izango direla 8ak. Asteroko zutabea irakurtzen ari da Amatiño kazetaria eta ohi duenez, pipertuta bizi delako agian, Ezker Abertzalearen aurkako diskurtsoa du ahoan.  Minutuak  astunegiak edota luzeegiak egin zaizkit harik eta albistegia hasi den arte.

Lehen albisteak Bilboko konturen bat aipatu du eta honek, ene pentsamendu guztiak igande goizera eraman ditu. Izan ere, BILBO CITY RACE izeneko orientazio froga ederrean izan nintzen. Hiriak azken bi hamarkadetan izan duen bilakera ikaragarria da; Deustuko Unibertsitateko liburutegi berriak, beste eraikuntza moderno jakinekin batera, hartu du garai bateko Abandoibarrako orube zabala. Baina guztien artean bada gailentzen den eraikuntzarik, Guggenhein museoa alegia.

Museoaren atzeko aldean egin ziguten harrera eta frogaren irteera berriz, “Campo Volantin “ delakoan izan genuen. Froga azkarra eta oso fisikoa izan zen; nabardura tekniko bat  edo beste kontuan hartu behar bazen ere, garrantzitsuena lasterketako  erritmoa izan zen, bizia. Zazpi kaleak, San Antoneko Zubia edota San Franzisco kale beltzean ibili ginen baliza bila.

Kontrol puntu  batetik besterako korrikaldia luze samarra izan zelako edo, Behobia Donostia lasterketa etorri zitzaidan gogora.  Badira urte batzuk alde batera utzita dudala lasterketa jendetsu hau; aurtengoan giro bikaina izan dute marka eta dena delakoak hobetzeko. Aipagarria Iraitz Arrospide billabonarrak eginiko lasterketa eta beste behin, animatzen errepide bazterrean izaten den jende andana. Denborak esango duen arren, bueltatuko naiz inoiz.

Hiriko Udaletxe paretik pasa eta Gas plazara heldu nintzen; makina bat kontzertu ospatu izan diren plaza ezaguna dugu. Egun itxura modernoagoa eman dioten inguru honetan badira Etxeberriako parkerako eskailera piko batzuk; mapak horrela aginduta, heldu nintzen Bilboko behatokira. Froga honetan denbora galtzea bekatua bada ere, hiruzpalau segunduz begiratu nituen Arriaga antzokiak erakartzen dituen alde zaharreko kale ia perfektuak edota Artxandan behera zetorren funikular bitxia.

Ez zen Unamunoko metro geltokira jeisteko maila edo koska hezeak kontatzeko unea. Mapa iparralderuntz mugitu eta azken balizak konkistatzeko garaia zen. Azken kontol puntuetako bat Ramon Rubiali eskainitako estatuak zaintzen zuen; eta bertatik, armiarmaren azpitik, metara.

Dagoeneko desagertu da lausoa. Ekin diogu asteari Maruenda euskaldunaren berba aspertuekin.  Eskolarako bidean naiz dagoeneko; asteko ohiko lehen kontrol puntua, aitzineko baliza. Ondo izan.

   

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude