TXARTELEAN AKATSA

Kareharrizko geruza solteek ezkutatu nahi dituzte gorriz margotutako lur sail zabalak. Mahatsondoek faltan dituzte dagoeneko zintzilik izan dituzten mahats- mordoak. Goibel itxurako mahastiak direla iruditu zait; are gehiago, Araba edota Nafarroa aldean ditugunekin gonbaratzen baditugu. Horregatik, agian, ez dio Cariñenako ardoak geureari itzalik egiten.

Halere, ez gaitu ardoak Aragoiko mendebaldera eraman. Espainiako Ligako Orientazio froga baten aitzakian ezagutu ditugu Aguaron, Cosuenda edota  Almonacid bezalako herri aragoarrak; inongo egitura jakinik gabeko herrigune grisek zaintzen dituzte gari eta mahats soroak. Eta mendi aldean, soroak galtzen diren horretan, ditugu orientazio apropos bat lortzeko beharlekuak eskainiko dizkiguten kolore berdeak.

Zapatuko froga korapilotsuan baliza guztiak aurkitu baditut ere, helmugako ordenagailuak ez dit halakorik baieztatu. Arkaitzen artean ezkutaturik aurkitu dudan balizak ez du nonbait, nirekin etorri nahi izan; mahaiaren bestaldean dagoen neskaren keinuak ohartarazi nau. Error de tarjeta delakoa ageri da paperean idatzita.  Pentsamendu aldrebesik saihestu ezinik edo, Kataluinara eraman nau ditxosozko aipuak; erreferenduna alegala, ilegala diote Madrileko ahotsek; baina nik kataluinar askoren lez, ez dut akatsik txartelean ikusten.

Almonacid herriak arabiar zantzuak ditu. Ferra itxurako arkuren bat edo beste ageri da kale estu eta aldrebesetan. Arratsaldeko  Sprint erako orientazioak ez digu kultur ondareez gozatzeko denborarik eskaini. Erritmo aldaketa biziak eta maparen interpretazio azkarra eskatzen zituen frogak,  goizeko zapore gazia eztitzen lagundu du bederen. Kontrol puntu batetik besterako transizio azkarrei ezker, itxuraz…

Baina arestian aipatu bezala sastraka itsu eta sasirik ere izan da. Igande goizeko menu arantzadunak gogaitu nau benetan. Uste baino denbora gehigo jardun dut balizen bila eta lanak bere horretan uztea erabaki dut. Zentzuz jokatu dut; bestela, baliza guztiak jaso orduko,  datorren urteko  mahats bilketarekin egingo nuke topo.

GOTeko kideek maisutasunez egin diote aurre, Cariñenan garen arren, Alikante aldekoa dirudien erliebe eta lur- eremuari. Tartean etxeko hiru sorginak; gustura ari dira kirol honetan eta ni neu, hauek horrela ikusita, are gusturago. Talde giro politak ere, nola ez, asko laguntzen du.

Txartelean akatsak agertu zireneko asteburua izan dela esatea zilegi bada ere, pozik noa Euskal Herriruntz.  Dagoeneko azaroko lehen zapatu horri begira nago; Raid berri bat dugu Bizkaialdean. Bien bitartean, gaur gauean Cariñena aldeko ardoa edango dut.  Eutsi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude