ORIENTAZIO KIROLEAN BETE BETEAN

Ekarpenik gabeko sasoia agurtu nahian eseri naiz ordenagailuaren aurrean. Udako oporraldiaren osteko egunetan bloga martxan jartzeko nahia izan banuen ere, irailak zein urriak sortu dizkidaten beharlekuek saihestu dute ahalegina.  Orain, berbak aurkitu nahian nabilen honetan, herdoilduta nabaritzen dut jarioa, arraildutako iturri zahar bat bainintzen.

Erronka dotore batekin ekin nion ikasturte berriari; izan ere, Oñatin kirol orientazio eskola jartzeko nahia aurrera eramatea eta hau egi bihurtzeko ahalegina ez dira ahuntzaren gauerdiko eztularen parekoak izan.  Ez da erraza ezezaguna den kirol batera herriko gaztetxoak gerturatzea; aitzitik, dozena erdi  abenturazalek eman dute izena era erakargarri baten eskaini nahi den jardueran. Dagoeneko, hasiak gara mapa ezberdinak bereizten edota herriko hainbat txokotan balizak bilatzen. Bagoaz.

Baina arestian aipatutako kirol orientazioaz gain, bada buruhausteak eman dizkidan beste konturik. Pasa den urriaren 14an ospatutako Arrasate Oñati lasterketarekin  ere, galtza bete lan. Gipuzkoako egutegian horren bikain erroturik dagoen lasterketak bestetan baino partehartze txiroagoa izan zuen; asko dira ditxosozko konstituzioko eguna aprobetxatuz lau egunak kanpoan igaro dituztenak. Dena den, ez dut uste arrazoi bakarra denik lasterketaren izen ematearen jeitsiera justifikatzeko. Honek  ausnarketa sakonago bat eskatzen du eta agian, beste ekarpen batean lantzea hobe.

Halere, gaitz erdi, izan dut kirol pixka bat egiteko aukerarik. Denboraldiko lehen zatia iparorratz eta mapei eskaini diet. Urbasako baso ilunetan bizitako uneak ez ditut berehalakoan ahaztuko; kareharrian pitzatutako zulo heze eta sakonek eskaintzen zituzten aukera ezberdinetan ibili nintzen dantzan. Pagadiek agindu nahi zuten eremu berdeetan, haginek eta ipuruek ere azaldu nahi ziren argitara. Lasterketaren zailatsuna doitzeko edota orekatzeko nahiek talka egiten zuten, behin eta berriz, basoari zerion usai bustiarekin.

Irimo inguruan ere balizak bilatzea zer den ikasi dut. Sestra kurbek ez dute gezurrik esaten. Aldapa tenteek ibilbiderik egokiena aukeratzeko arrastoak margotarazi bazidaten ere, makina bat aldiz aldatu behar izan nuen estrategia. Txukun hasitako lanak ez zuen bukaera onik izan. Ganorazko mapa eder batean galduta ibiltzeko aukera eman zigun Iñakiri eskerrik beroenak. Aupa zu, antolakuntza bikaina.

Urriari egunak lapurtzeko saiakeran edo, 7 orduko bi Raid ospatu berri ditugu. Lehena Urdaibaiko biosferan. Itsaslabarrak, mendiak, hondartzak uztartzen diren inguru naturalerako prestatu ziguten menuak ez zuen hutsik egin. Ni neu, baldarra naiz zinez uretan; piraguako armoniarik gabeko konpas arritmikoak, uste baino denbora gehiago galtzera eraman gintuen. Treking eta bizikletako lan txukunak, bederen, sailkapeneko seigarren posturaino eraman gintuen. Ondo.

Bigarrena berriz, Arratiako lagunek antolatutako Raida. Igorre inguruan ere lupetza badagoela ziurtatzeko errezetarik onena izan zen larunbatekoa. Bizkleta gainean estrategia zuzena aukeratu bagenuen ere, trekinean ez genuen denbora behar bezain egoki kudeatu. Horrela, ordubeteko  aurrerapenaz iritsi ginen helmugara. Lau berba hauen bitartez lehen postuetan dabiltzan fenomeno horien lana nahiko nuke azpimarratu. Fisikoki sendo egoteaz gain, ikaragarria iruditzen zait daramaten abiaduran nola orientatzen diren.  Paella eta oilazkoarekin egin genuen raid osteko bazkaria; ardo beltzak bustitako jatordua, lagun artean zoragarria.

Urriak ez dit berehalakoan agurrik esango. Ostiralean Cariñena aldera joko dugu. Familia guztia goaz horren ezezaguna egiten zaigun lurralde hortara orientazio froga berriez disfrutatzera. Baliza ezberdinak jasotzeaz gain, beharbada, izango da bertako ardo beltzaz disfrutatzeko aukerarik eta urriari agur esateko, beste hainbeste. Eutsi eta izan ondo.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude