TUTERAN BERDULERO

Zaragoza etorbideko txurrodenda abegikor baten sartzea otu zait. Inguru hauetako bizilagunek ez dute maíz horren zaparrada mardulak ikusten; nik ere, ez dut beharrezko oihalik ekarri Oñatitik zerutik darion urjauziari aurre egiteko. “Egun on “ esan ahala, “kaixo, zer nahi duzu?” erantzun dit txurro saltzaileak. Zakarrontzitarako erabiltzen den plastikozko poltsa handi horietako bat eskatu diot beroketa jardunerako. Lokalaren atzeko aldera joan den horretan, ezkerreko horman jarri ditut begiak; Tuterako Argia ikastolako matrikulazio posterra nabarmentzen zen beste iragarkien artean.  Urdin koloreko plastiko erraldoi bat soinean nuela atera naiz Kaskante izeneko kale zabalera. Beroketa saioa martxan.

Tuterako alde zaharreko kalerik esanguratsuenetan egin ditut hiruzpalu kilometro.  Gaztanbide izeneko karrika estuan Arroyo izeneko elektro dendas bat ikusi dut; Euskadiko Cross txapelketarekin gogoratu naiz. Unai Arroyo tolosarra bikain aritu da luzean eta zer esanik ez, motzean. Aurten ere, denboraldi borobila egin du tolosarrak lokatzetan. Hamarren bat minutu falta dira lasterketa hasteko; esatariak “Ciudad de la Verdura” delakoan nagoela gogorarazi dit.

Gatza eta berakatza gertu ditut barazki krema goxoa prestatzeko. Tutera hiriko maratoi erdia egitera noa. Amaitzean, Iruñakoa baino ez zait geratuko EHko maratoi erdien zerrenda partikularrera gehitzeko. Foruen enparantzatik aterako gara; lehen ilaran Arnaiz ikusten dut. Dortsala jasotzerakoan izan naiz Arrasateko atxabaltarrarekin. Patxirekin batera etorri da berduleroen hirira. Oker ez banaiz, menestrarik goxoenaren bila dator. Ea bada.

Ibilbidea laua iruditzen zait. Oñatin Kilometro “Txikia” dago martxan; iraileko hitzordu handirako beharrezko prestaketa. Ibilbidea aztertu eta baloratzeko aproposa ei da igande goiz honetako egitasmoa. Eguraldi petrala bada ere, giro ederra izango da ibilbideko kilometroetan. Ni berriz, lasai antzean ari naiz metroak irensten; baratze sail zabal batetik pasa gara eta zinez, astunegia egin zait tartea. Gardu, brokoli edo dena delakoak primerako osagaiak ei dira barazki kremarako.

Azken kilometroan sartu naizenean, txurrodenda paretik pasa naiz. Txurro eta barazkiak ezkontzea zaila bada ere, gustura nago errezetarekin. Are gusturago izango da Arnaiz txapelduna; maisutasunez irabazi baitu lasterketa eta garaipena  merezi duen norbaiti eskaini dio. Biba zu!! Gogoan dut duela dozena bat urte, San Silbestre edota Otalako lasterketetan beregaz izandako lehiak; bera gazte, egun duen maila itzeletik “hurrun” eta ni berriz, sasoi bete betean.

 Barazkiak laguntzeko edo, tomate trituratua sartu digute oparien poltsan. Zaragozako maratoia gertuago ikusten dut gaurko entrenamendu honen ostean. Erriberan ez da euria ohikoa izaten baina gaurkoan ganoraz egin du; beharbada, gipuzkoarron barazki krema bustitzeko. Ondo izan.

NAVAS

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude