Siberia aldetik etorritako hotz mantu izoztuegi bat izan dugu geurean. Lotsagabe sartu da haran, mendi edota lautadak zuritu artean. Oñatin jarri berri duten TAO sistemak baino eragin handiago izan omen du automobilak etxe azpitako garajetara eramateko. Halere, goizero ikusi ahal izan ditut goiz izoztuetako ohiko erretratuak; autoetako beiretan itsatsitako gela edota hainbat izkina hezeetan zabaldutako gatz arrastoak esaterako.
Jakin badakigu baina hotz, izotz eta antzerakoei aurre egiteko beroaren beharra dugula. Inoiz baino maiztasun gehiagorekin ixotu dugu etxeko berogailua. Aitzitik, bat etorri dira delako erabilera eta argi energiaren garestitzea. Energi iturri berriztagarriak geldik daudelako antza, egin du gora ditxosozko faktura malapartatuak. Faktura ulertzeko gainera, kurtso bereziren bat egin beharrean izango gara nonbait; bertako portzentai, zenbaki eta gainerakoekin limurtzeraino.
Atleta afrikarren indarra, edota abiadura, energi iturri berriztagarri dotorea litzateke. Agortezina den baliabidea dugu; beste behin, atzokoan ere, argi ikusi izan ahal genuen fenomenoa hau Elgoibarren. Cheptegei eta Teferi izan ziren azkarrenak Mintxetako zirkuituan. Kilate handiko crossa Mugertzaren orimenezkoa. Zorionak.
Energia eredurik bideragarriena esleitzea ez da erraza izango. Dena den, eta moda kontuak albo batera utziz edo, Udalatx Mendi lasterketako antolatzaileek ezagutu berri dute abiadura jakin bat; izen emateak 16 ordu eskaxetan agortzearena alegia. Besaiden bederen, ez dute oraindik ere, plaka fotovoltaikorik zabaldu, ez da? ….Zugaztietako orientazio frogan ere, uste baino azkarrago batu zituen baliza guztiak irabazleak; aldiz, Gallarta edota Ortuellako meatzegietako orubeetan, ez da antzematen sistema termoelektrikoren baten zantzurik.
Bekele, afrikarra hau ere, saiatu da maratoiko munduko errekorrarekin. Presaren presaz, irteera azkarregi batek zapuztu du haren nahia. Izan ere, energiarik handienaren jabe bazen ere, ezin izan du lehen metroetako erorikoak sortutako arrasto mingarria jasan. Dubai aldeko eguzki plakak Berlina begira daude dagoeneko. Ilusio berezia egiten dit Kenenisa Bekelek, beharbada, duela 14 urte Mintxetan ateratako erretratuak izango du errua.
Konturatu orduko urtebete igaro da dagoeneko Kanaria Handiko maratoia egin nuenetik. Atzokoan ere, ez zen Afrikako irletan marka onik izan Filipidesen distantzian. Bere garaian urtean maratoi bat egiteko erronka ezarri nion neure buruari; aurtengoan Zaragozakoa ezagutuko dut apirilaren 2an. Ez da Siroko, Kalima eta antzerako haize lehorrik izango baina kontuz ibili beharko gara. Maratoia ezagutzen dugunok jakin badakigu, noiz edo noiz, plaka fotovoltaiko, indar eoliko edota termoelektrikoen premia izaten dela helmugara iristeko.
Beste barik, txintxo ibili…..