Lapiko bero baten bueltan eseri gara mahaian. Lurrunak zapaira begiratzerainoko imintzioa behartu du mahaikideongan. Giro hotzari aurre egiteko botikak iradoki ei ditu, ardoaren baimenarekin ez bada, egi edota petsakera ezberdinen taupada gorriak. Platerrak betetze aldera, nire ezkerretara dagoen laguna altsatu da zumezko aulki zaharretik; haren orrazkera perfektuegiak Gernikara eraman nau. Urkulluk lehendakari kargua hartu duen horretara, alegia. Emozio eta sentimenduak nahasten zaizkio etenez zintzelatutako ahots formalegian. Bizikleta estatiko edota errotonden metaforak entzun ditugu sinatutako ituna deskribitzeko; ez gaitu ganorazko hezkuntza publiko propioaren ametsera gerturatzen, ez eta politika sozial eraginkorretara eramaten. Eta…
Argalegia den mahaikide prestu bat ere antzeman dut geurean. Ile luze eta kizkurtuak aurpegi zurruna estaltzeko ahalegina egiten du. Asier Cuevas eibartarraren traza hartu diot. Zoritxarrez Munduko 100 kilometrotako txapelketan zorterik izan ez duen korrikalariarena. Kementsu, adoretsu eta konstantzia handiz gertatutako froga erraldoia ez da legezkoa izan Asierrekin. Etorriko zaizkio hitzordu berriak, animo.
Lapikokoari laguntzeko ondutako ardoa dugu. Lehen zurrutadan nabaritu dut gerezi gustu landua; zapore handiko ardo gardena. Maratoia ere ondutako lasterketa baten tamainan ikusterik bada, emankorra izateko nahian, orekatua edota apartsua agertzen zaigun lasterketa sentibera dugu. Atzokoan Donostian izan ziren ausartek karga emozionala muturreraino ezagutuko zuten; hala, bejondeizuela neurria ederki hartua diozuen Alvaro, Moli edota German; eta zorionak, nola ez, emozio berezi hori lehen aldiz bizi izan duzuen Axi, Moiu edota Ixkori….eta gainerakoei, beste hainbeste.
Hirugarren basoerdia edan dugunerako apustua luzatu du mahaiaren ertza zaintzen duen beltzaranak. Bengoetxeak Altunaren aurkakoa irabazi ostean, asko dira mahai gainera azaldu diren iragarpen zoroak. Altunak eskuz banakakoa irabaziko duela bota du alprojak. Berehalako baten antolatu da apustua lapikoaren bueltan. Urrutiren aldekoak franko berotu dira eta zer esanik ez, Irujo gaixoaren aldekoak.
Horrelakoetan giro atseginari muzin egin ezinik, kantatzeari ekiten diogu euskaldunak. Oskorri, Laboa edota Lertxundiren kantek alaitzen dituzte bazkari eta afariak. Oraingo honetan berriz, derrigorrez edo, bada kantutegi ofizialegian sartu- irtena egin duen kanturik; Fidel handiaren ohorez Habanera goxo eta eder batek borobildu du kanten jarduna. Baina bada kanturako gogotsu jarri gaituen kanturik ere; Altsasuko istorio ezatsegina bezain maltzurrak, “ diles ke se vayan” doinu eztia kantatzera eraman gaitu, eup!!!
Dagoeneko ez da lurrunik lapikoan gora. Leihotik kanpora begitaruz gero, ilargirik gabeko iluntasun beltza da nagusi. Bertan irudika dezakegu Madrilera baino, Euskal Herrira begira dagoen herria, margo txuriz idatz genezake maratoilari edota Altsasuko gazteen izenak, laranja kolorez margotu Bengoetxea edota Altunaren aurpegiak eta nola ez, gorriz serigrafiatu komandante prestuaren iraultza. Ondo izan.