ZAPATA GORRIAK

Plaentxiko balkoiak kale erdiraino heltzen direla egia da. Urteen poderioz arraildutako etxeek apaintzen dituzte kaleok. Automobilen joan- etorria derrigorrez kudeatzen dituzten semaforoek neoizko argiak modelatu nahian ageri dira balkoietako itzaletan. Baselizarako bidea hartu dugunerako, sestra kurbak marraztu ditut herriaren bi alboetako horma berdeetan. Ezoziako baseliza dotorera iritsi gara. Maiderren gertuko lankide baten ezkontza ikustera gatoz.

Aparkalekutik eliza atarira eramaten duen aldapa tentean kokatu gara. Euskal Herriko itzulian bezperan igo dituzten aldapa itzelekin gogoratu naiz. Aurtengoan gozatu handia hartu dut lasterketarekin; etapa guztiak izan baitira ikusgarriak eta txirrindularien jarduna itzela. Zapata gorriak ditu Eiderrek. Dotore eta eder dator aitaren besotik aldapan gora; irrifarre urduri batez agurtu ditu lankide, lagun eta senideak. Goiz grisak ez du emaztegaiak Ezoziako giro hezean zabaltzen duen dotorezia makurtzen. Zeremoniaren baitan antolatutako ekitaldi guztiak bukatu direnerako Bergarara hurbiltzeko ordua iritsi zaigu. Ezkonberriak zoriondu, Maiderren lankide prestu eta atseginak agurtu eta Ezoziatik Plaentxirako errepide sigi sagatsua hartu dugu.

Eider bezain urduri somatzen dut Malen. Izan ere, Bergarako igerilekuan  joan- etorri ugari egin behar ditu igerian. Ohi ez bezela, leku aproposa hartu dugu harmailetan.Txamarra eta jertsea, zerbait esatearren, soberan ditugu hezetasun eta beroari aurre egiteko. Igerilekuko kaleen zabalera  Plaentxikoen bestekoa da. Eneeee….

Malen gustura dago. Pozik. Irujo eta Rezusta aldiz, ez. Nafarrak min hartu du hatzamarrean eta ondorioz, Urruti eta Aimar dira binakako txapeldun berriak. Bergararra partida polita jolasten bazebilen ere, ezbeharrak inork espero ez duenean agertzen dira atzeko atetik. Bikotearen ezintasunarekin bat egin dut orduan; neu ere, horrela bainabil aspaldian. Lesiotik lesiora, alegia.

Eguna bukatu aurretik Errealaren garaipenarekin gozatu dugu. Beste behin Bartzelona ahalguztiduna menperatu du Anoetan. Cabacas ere, ekarri nahiko nuke ahapaldi honetara; lau urte pasa dira dagoeneko eta ez da ezer argitu. Zergatik?

Plaentxin ez bezala Zugaztietan balkoiek ez dute nire arretarik piztu. Bai ordea, burdin koloreko harkaitzek agerian uzten dituzten mehategi zaharrek. Aintzinako hainbat mehatze- ustiapeneko putzuen ertzetan, forma eta erliebe oso bereziak sortu dira; harrizko orratzek gama kromatiko anitza ematen diote lekuari. Gaurkoan begira egotea dagokit; alabek hartuko dute parte orientazio jokoan. “ La Tienda” izeneko bentan eskatu ditugun ogitartekoen erlieberik ezin izan dugu paisai kaotikoan irudikatu.  “Ti-tau” desagertu dira mahaitik.

Apirilean maratoi dexente izaten da munduan. Rotterdanekoaz gain, atzokoan horren ezaguna ez den Ojos Negros izeneko maratoia ere ospatu zen Castellonen. Begiak ezezik, arima eta bihotza ere ilundu zitzaien maratoiko antiolatzaile eta zaleei. Bi korrikalari zendu baitziren ahaleginean. Eta 50 kmko ahalegina egin duenik ere izan du asteburuak; Cuevas adiskideak Seregnoko 50 kilometroko froga irabazi du. Maratoiaz gain, mendiko lasterketen garaia ere iritsi da. Udalaitzeko lasterketa ospatu zen atzokoan Arrasaten; giro bikaina eta puntako antolakuntza. Zorionak!!!!

Ilunabarra heldu artean Atzeko kaleko terraza udatiarrean eseri gara. Oraindik ere, ez da nekerik alaba gazteenaren jolasean. Terrazako aulkien inguruan, kalearen zabalera mehatsatu nahain edo, dihardu bueltaka bizikletaren gainean. Zugaztietako putzuetan bildutako lokatzez zikindutako oinetakoek eraman naute berriro Ezoziara, eta bide batez, Eiderren zapata gorrietara. Apaizak aipatutako gominolak zapaten beste sorgindu nahain agertzen badira ere, ahalegina antzua dela erakutsi dute Jonen begiek. Ondo izan.

 

IMG_20160411_193143

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude