Haizetsua izan da asteburua. Haizetsua eta hezea. Negu gordinik gabeko sasoi aldrebes batek inguratzen gaitu. Elurrik gabeko negu tropikalegiak izotza ekoizten ez dakiela esan nahi digu agian. Lupetzik gabeko kross antzuek edota eskularrurik gabeko korrikaldi epelek zertzelatzen dituzte neguko lasterketa edota entrenamenduak. Esaterako, eta munduko zirkuiturik erakargarrienean, Zornotzan, humeldutako alfonbra berde baten gainean egin zuten korrika antxintxikalariek; beste behin, maila handiko lasterketa jokatu zen lokatzik gabeko Jauregibarrian. Bertan Ayeko ugandarra izan zen azkarrena. Eta A8an barrena Eibarretik pasa eta Donostiara helduz gero, Uliako Erregetako lasterketarekin egingo genuke topo. Badira urte batzuk itxura berri batekin azaltzen zaigula. Horren ederra izaten zen lasterketari Ategorrietarainoko bidea gehitu zioten. Zurriola edota Sagueseko sigi- sagak ez dira berdinak nire gusturako; orain, eta lasterketa herrikoia gehitu diotelako ere, xarma galdu du.
Xarmaren faltan lilurarik baduelako edo, aukeratu nuen atzokoan aintzinako Urolako trenaren ibilbidea. Hamabi egun barru dudan maratoiari begira nago eta kilometroak erosi nahian edo, Brinkolatik Azpeitirako tartea bete nuen atzo korrika. Burdinola zaharren haranetik ihesi Loiolako ibar Santura heldu nintzen; bidean utzi nituen tren zaharrak, sugearen lez, zeharkatzen zituen tunel ilun bezain hezeak. Eta sugeren bat ere, sartu zitzaien atzokoan Rajoiren koadrilakoei Kataluinan gertatutakoa irentsi ezinik zirela. Abian dute bertako independentistek garai berri bat; opa diet opa etorkizunik ederrena.
Eta geurera etorrita Baiona eta Bilbo idazten ditut gustura. Bata eta bestearen artean zorabiora kondenatu zituzten A8ko kilometroak duade ; halere, larunbatean, aldarrikapenak lotu zituen bi hiriburuak. Presoen eskubideen alde, milaka lagunek erakutsi zuten sakabanaketaren aurkako mugimendua zabalduz doala. Harriak mugitzeko gauza gara. Eta eguraldiak imintzioren bat luzatzea nahiko baligu bezala, inguru guztian, aldaketa haizea dabilela esango nuke.
Eskubaloi zalea ez banaiz ere, herriko taldea ikustera joaten naiz sarri Zubikoara. Larunbatean norgehigoka ederra ikusi ahal izan genuen; azken jokaldian galdu zuen partida etxeko taldeak. Halere, zoriontzekoa da jokalariek erakutsi zuten indar, joku eta konpromezua. Bi taldeek emozioz beteriko uneak eskaini zizkiguten. Baina bi haizeren borrokak euria ekarri ohi duela diote; eta zoritxarrez, eguzkia Basaurin atera zen eta etxeko taldeak berriz, aterkinari eutsi behar izan zion.
Urtea hasi besterik ez da egin; heldu zaigu berria. Haize boladetako indarrik gabeko euri ttanttek busti dituzte lehenengo egunak. Hor nonbait irakurria dut <<haizeak eta euriak ateratzen dituzte begiak>>. Kontuz bada, ondo izan.