OIANGUN LUPETZIK EZ BAINA…

Andres de Urdaneta kosmografo eta marinela jaio zen baserrian hartu dut goizeko bigarren kafea. Oiangu baserrian dagoen taberna dotorean, hain zuzen. Bada denbora, “Basque culinary center” delakoan ikasitako sukaldari gazteek taberna zabaldu dutela. Gustu handiz apaindutako taberna da. Kartel bat edo beste agertzen da hormetan itsatita; euskal produktuen aldeko apustua egiten du jatetxeak. Sakuladaritza, labela ei dute.

Baserriak larre zabalak ditu inguruan eta belardi hauetan Gipuzkoako cross txapelketa jokatuko da datozen orduetan. Bart oinetakoei iltzeak jartzen aritu gara alaba eta biok. Bakoitza bere kategorian, biok hartuko dugu parte txapelketan. Igandeak eskaini digun giro zoragarriak zaletu eta korrikalari asko gerturatu ditu Oiangura; eta agian, bertaratu ez dena, aldameneko herrian izango da Santa Lutziako perian. Gogoan dut, mutiko bat nintzela, aitrekin izan nintzela bertan. Negar zotinka bueltatu nintzen Oñatira ez zidalako eskatu nion moxala erosi. Erretreta hartu duenetik urtero joan ohi da aita Zumarragara eta beraz, urtero ikusten du bertan moxala; nire zai ote den beldur naiz.

Alaba urduri somatzen dut. Irteera lerroan dago. Epaileari begirada zorrotz bezain gupidagarria eskaini dio. Irteera aldapa behera denez, abiadura handia hartu du lasterketak; erritmo eroso batek eraman du helmugaraino. Gustura dago egindako lanarekin eta ni berriz, malkoak lehortu beharrean.

Nire txanda heltzear da. Oharkabean azken asteetan izan dudan lesioarekin gogoratu naiz; eta bide batez, emaztearekin. Zerua irabazia duela esango nuke; ez baita erraza izango, ene nahigabeak behin eta berriz entzutea edota jasatea. Epaileek agindu bezala, zai gaude esandako lekuan. Joseba korrikalari beteranoa dago nire ondoan. Begirada sopikun batekin gazteleraz zera esan dit: “ pronto nos echaran, aprovecha”. Irrifarre batekin erantzun dut bere okurrentzia. Izan ere, Joseba eta biok lasterketako beste kategoria batean izan beharko ginen lehian baina oraindik ere, bihotza eta arima gazte dugulako edo, seniorrekin aritzeko gertu gaude. Gu ere aldapa behera abiatu gara larrean barna; baldar samar, ufff.

Errebuelta itzel batean Santamas krosarekin gogoratu naiz; zurrunbilo eta bira dexenteko lasterketa izaten da Arrasatekoa. Erretraturen bat edo beste atera didate. Irrifartsu azaldu naiz, nola bestela. Bukaeran berriz, Gasteizeko maratoi erdia irudikatu dut ene pentsamendu lausotuan. Ezin dut keinu alairik ekoiztu. Leher eginda nago.

Crossek zerbait berezia dute. Ni bederen gustura ibiltzen naiz. Udazkena agortu bazaigu ere, neguak ez digu aparteko imintziorik eskaini. Ez da lupetzik ikusten. Gaur iltze laburrek ez dute aparteko beharlekurik izan eta oinetakoei ez zaie lokatzik itsatsi. Eta crossek lupetzaren beharra badute ere, artean ere, maite ditut, maite.

Goiz polita pasa dugu Oiangun. Lagun zaharrak agurtu, alaba animatu, lasterketa aurreko eta osteko tertulia politez gozatu. Gustura nago, agian, Urdaneta bezain gustura bere bidaietan. Ozen entzuten diren izenak ez baitira beti onenak. Ondo izan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude