KALE BUKAERAKOA PARISEN

Aurrekoan istorio jakin bat entzuteko aukera izan nuen << Herri txiki bateko apaiz bakarrari haur bat hurbildu zitzaion. Triste eta kopetilun galdera bat egin nahi ziola esan zion apaizari. Orduan, apaiza elizako aulki luze horietako batean eseri zen haurrak esan beharrekoa entzuteko. Etxeko txakurrak kosk egin omen zion arrebari masailean. Honen minak eta negarrak egundokoak izan ziren eta mutikoak txakurra hil zuen. Hau dela eta, infernua aipatu zion apaizari. Apaizak, begiak bilduta, zerura edo zapaira begiratu zuen eta ez kezkatzeko eskatu zion mutikoari; lasai egoteko, inpernura ez zela joango ziurtatu zion. Mutikoak orduan, ez zela infernuaren beldur adierazi zion; hiltzen denean, doan lekura doala, txakurra zai izango duen jakin nahi zuen.>>  

Eta asteburu honek ere izan du infernu kutsurik. Parisko sarraskiaren inguruko informazio eta kontuak hamaika egunkari eta komunikabideetan zabaldu dira. Sare sozialetan ere, izan du oihartzunik; Frantziako bandera perfilean jarri duenik ere izan da.  Minutuko isiluneak han eta hemen, dirudienez, beste inon ez da horrelakorik gertatzen. Zenbat bandera ezberdin zintzilikatu beharko genituzke herrialde ezberdinetako sarraskiei erantzuteko, elkartasun keinu adierazgarri bat egiteko? Honen harira, tuit esanguratsu bat ere irakurri dut: << Ikusi al duzue Parisko kaleetan beldurraren beldurrez jendeak nola egiten zuen ihes?….ba, orain irudikatu, kalearen bukaeran hesi bat>>

Kontu alaiagorik ere eskaini digu asteburuak. Esaterako, eta ostiralari begiratuta, Urzulo ekarri nahiko nuke lerro hauetara. Izan ere, txiki gelditu zen Oñatiko kultur etxeko aretoa espeologia taldearen bideo emanaldirako; datorren ostiralean, aukera berri bat izango dugu oraindik ikusi ez dugunok.

Atletismoak ere eman du zeresanik oraingoan. Alde batetik Valentzia hiriko maratoia izan genuen atzokoan. Diru hotsa heldu da bertara eta maila handiko lasterketa antolatzea erdietsi du antolakuntzak; egindako marka edo denborak oso esanguratsuak dira. Geurean hasi da dagoeneko kross denboraldia; euria zer den ahaztuta dugulako edo, Iruneneko lehen lasterketa hau lehorrean egin dute. Etorriko da lupetza.

Gu geu Madril aldean izan gara barrakero. Warner parkeaz gozatu dugu bi egunez. Hiru bibotedun Bugs Bunnyren bibotearen atzetik eta inguruko haurrak atrakzio guztiak probatu nahian. Beste baterako utzi behar izan dugu Buitrago de Lozoyarako bisita; parkeko bi egunek ez digute horretarako astirik eman baina, agian, besteren baten, izango da aukerarik. Asteburu polita, bai horixe.

Apaiza oraindik ere zapaira begira dabil. Ezin dio mutiko izutuari beste berbarik eskaini. Baliteke Parisko hesiaren itzala infernuan amaitzea eta han, txakurra ez ezik, Palestina edota arreba errugabea ere, sutan aurkitzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude