BEHOBIA ERE SUTAN

 

<< Azaroa hotz, negua motz>> dio esaera zaharrak; beraz, oraindik ere, heldu ez zaigun negua San Juan eguneraino luzatuko zaigu agian. Epeltasuna gustura hartzen badugu ere, bero puntua bazterrak nahasten hasia da dagoeneko. Herri askotako plazetan lan egin ezinik ikusten ditut txurro eta gaztaina saltzaileak. Kea dario tximiniari. Baina ez dago oraindik gaztaina, txurro edo babarrunik jateko girorik.

Derrigorturik edo, Behobia Donostia lasterketari gustatuko litzaidake lau berba eskaintzea. Lapikoko galanta dugu. Egunkari guztietan dator lasterketari buruzko zerbait. Ene uste apalean, etorkizunari begira antolakuntzak puntu ugari aztertu beharko lituzke.  Egingo duen prensa agerraldia ez da batere gozoa izango Fortuna taldearentzat. Aurtengo lasterketan zendutako gazteak gogora ekarriko ditu azken urte hauetan zendutako gainerako korrikalariak eta hau mahai gainean dutela, ez zaie batere erraza egingo lasterketaren balorazioa egitea.

Antolakuntza taldeak itzelezko lana egiten du. Nik ez dut hau inoiz zalantzan jarriko. Baina lasterketaren eragilerik handiena den aldetik, aspektu batzuk aztertu beharren dagoela uste dut. Gipuzkoa bezalako lurralde baterako gehiegizkoa iruditzen zait egungo partehartzaile kopurua; azken 15 urtetan bikoiztu egin da  eta agian, hemen dago koska. Lehen partehartzailearen irteera ordutik azken partehartzailera 90 minutu inguruko aldea dago; goiz berean, hamar lasterketa inguru ateratzen dira Behobiatik. Partehartzaile kopurua erdira murriztuko balitz, antolakuntzak beste era batera planteatu ahal izango luke lasterketa. Korrikalari askok maiatzean ematen du izena azaroan korrika egiteko gai izango den jakin gabe; tartean dauden 5 hilabetetan hamaika arazo gerta daitezke entrenamenduetan edota bizitzan. Azaroa iristen denerako, askok ezin izan dute ganoraz entrenatu, ez dira sasoi puntu egokian iristen horren esfortzu handia eskatzen duen lasterketara. Baina, kontuak kontu eta dortsala dutenez, lasterketan partehartzea erabakitzen dute. Beste askok, parte ez hartzea erabakitzen dute eta datu hau ere, oso esanguratsua iruditzen zait; izan ere, atzokoan izena emandako % 16 a etxean gelditu baitzen.

Behobia lasterketa gehiegi popularizatu da. Diotenez haurra ekarri, liburu bat idatzi eta zuhaitza landatu behar izaten da bizitza honetan; orain aldiz, laugarren betebehar bat ere badago, Behobia Donostia lasterketa egitea. Esan bezala, % 50 bat murriztuko balitz partaidetza, antolakuntzak errazago kontrolatuko lituzke, bere eskura egon ala ez, kontu ugari; hala nola,  izen-emate epea beranduago zabaldu ahal izango zen eta gainera, lasterketa egiteko partehartzailearen gaitasuna kontrolatu ahal izango luke beharrezko agiriak eskatuz. Halere, honek ausnarketa sakonagoa merezi du.  Eta izan bedi atletismoaren onerako eta nola ez, Behobia Donostia lasterketaren mesederako.

Motoen mundua epeletik hurbil ibila  da ere. Rossi, Marquez eta konpainiak ederto berotu dute txapelketaren azken txanpa. Lorenzok irabazi du Rossik eskura zuen txapelketa. Zaletu ezberdinak, iritzi ezberdinak; diotenez, << zortea izanagatik itsua, ez da denentzat berdintsua>>.

Kataluinia aldean ere , epel antzean dira lapikoko babarrunak; Espainiarekiko lotura etetea onartu du bertako gobernuak, gehiengoak alderdi independisten ebazpenak onartzean. Orain, babarrunak nola egosiko diren izango da kontua; ez daitezela egin Donostian beste, txuri- urdinok babajan gabe geldi baikara oraingoz. Eta oraingoz diot, Eusebio izeneko entrenatzaile bat ekarriko dutelako Donostiara. Hasteko, ea bederen, erretako lapikotik saihaskia ateratzen duen.

Astea ere epela datorkigu eta plazako txurreroak ez dakit txurro askorik salduko duen. Azaroa ez da oihal freskoenekin jantzi eta agi denez, izango dugu negu luzean gaztainak, txurroak eta babarrunak jateko aukerarik. Ondo izan.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude