Hilabete hau hasi genuenean hizki gorriz idatzi nuen gaurko eguneko hitzordutako bat. Izan ere, maiatzean izaten dut kardiologoarena joateko eguna. Lo ondo egin badut ere, egonezin nabarmen bat nabaritu dut; gorputzaldi arraro batek baldintzatu du goiz guztiko jarduna. Malenek txangora joateko zuen ilusio eta poztasuna ekartzen nituen gogora nire urduritasuna uxatzeko asmotan. Lekeitio aldera joan dira laugarren mailako artistak; eguraldi aparta izango dute, bai horixe.
Automobila garajetik ateratzera joan naizenean ikusi dut zintzilik larunbateko raidean erabilitako bizikleta. Denon gozamenerako egun dotorea prestatu zuten antolatzaileek; ondo marraztutako mapek balizen abenturara gonbidatu gintuzten Lizarran. Urederrak zerion freskotasuna igartzen genuen Andia, Lokiz edota Urbasako mendilerroak inongo lainorik gabe ziren horretan. Guse amañarrarekin ekoiztutako estrategia bizikletako sekziora bideratu genuen eta orain, han dago sabaitik zintzilik, lana erraztu zigun bizikleta dotorea.
Eta zintzilik nituen ere, une horretantxe, kardiologoaren kontuak . Autoa hartu eta Arrasaterantz abiatu naiz eguzkitako betaurreko beltzekin. Beltzak diren bezalaxe Zugaztietako erliebea nahasten duten haitz bihurriak; han ere, igande goizez, izan zelako balizen bila aritzeko aukerarik. Meatze gune erakargarrian, labirinto baten galdu ginen burdinaren usainean dantzan. Eta dantzan heldu naiz Arrasateko ospitalera; egonezinaren ondorioz, oinak, hankak edo dena delakoak konpas folklorikoren mugan izan ditut
Itxarongelan aldizkari bat gainbegiratu dut. Titularren bat edo beste irakurri dut kasu handirik egin gabe. Irakurritakoa ez dator bat buruan darabilten kontuekin; asteburuan izan diren Sanmiel Txikiak ere etorri zaizkit gogora; garai bateko parranda kontuekin pasa dut une bat, esaterako. Kontuak kontu Asier zure txanda entzun diot esaten erizainari. Goazen barrura.
Ohartu orduko lau hitz hauek idazten nabil. Medikuaren esanetan ez da aldaketarik izan. Beste behin, kirola neurrian egin behar dela azpimarratu dit. Ea bada. Gustura atera naiz eta ez da gutxi. Egonezina desagertu da inguru hurbilenetik eta beste kontu batzuei arreta jartzeko ordua iritsi da antza. Imintziorik goxoena etxekoentzat gordeta utzi dut ixipoltsarik gogokoenean.
Ospitaletik eskolarainoko bidean beroaren bisita jaso dut. Beroaldia, itolarria sortarazteko unearen bila ikusi dut; eta ni oraindik ere, galtza luzeak baino ez ditut armairuan. Motzak edo laburrak, askorentzat motza zatarra baita, hor nonbait izango dira isilik. Astea berotan pasako dugu; egosterainoko berorik bada Usakorako kontuak ikusiko ditugu laster. Bien bitartean ondo izan.