IKUSKIZUNAK

Hiru egun izan ditu asteburu honek. Maiatzaren lehenego eguna ezaguna da mundu osoan; gorriz margotua dago egutegian. Oraindik ere, bada lan alorrean hobetu beharreko kontzeptu eta gairik. Prekarietatea maiz entzuten dugun berba dugu; neoliberalismoaren ofentsibak krisia eragin zuen bere garaian eta oraindik ere, ez da konponbide samurrik ikusten.  Aitzitik, eta arazo laboralik gabeko gizarte baten bizitzea erdiesten badegu ere, gerora ere, gustu handiz ospatuko dugu maiatzaren lehenengo eguneko jaia, ez da?

Lagun batek dio espainiar kutsua hartzen ari naizela. Izan ere, azken hilabetean hirutan izan naiz aldamenean, hegoaldean, dugun estatu hispanoan. Oraingoan Arandan izan naiz bizikleta gaineko orientazio txapelketan; bi egunetan luzera ezberdinetako frogetan hartu dut parte. Nahiko ondo moldatu naiz balizen bila, zulaturik ere ez dut izan horren arantzatsu oldartu zaigun eremu gaiztoan. Baina oldarkeririk ederrena, edo gozoena,  Aranda azpiko upeldegi zaharretan ezagutu dut.  Ederrak benetan.

Gaur irratian kazetaria bati entzun diot; Eibar eta Erreala mailarik gorenean daudela azpimarratu du, Bera Bera eskubaloi taldeari Aiala Zarautz batu zaiola hurrengo denboraldian lehen mailan lehiatzeko eta saskibaloian berriz, GBCk ACBn jarraitzeko pausu handia egin omen duela ere esan du.  Kazetariaren ustez  Gipuzkoa lurralde txikia den aldetik, egundoko meritua du horren maila gorenean horrenbeste taldek lehiatzeak. Egia esan, arrazoia badu kazetariak. Bat nator bere iritziarekin. Ea Eibar lehen mailari eusteko gai den.

Bartzelonak 8 gol egin zizkion Cordobari eta Maurinhok Ingalaterrako ligan horrelakorik ez dela gertatzen esan du. Portugaldar entrenatzaile polemikoari ere arrazoia eman beharrean nago. Alde handia dago Espainiako ligako talde ezberdinek dituzten aurrekontuen artean; azken batez, zerk/ nork eragiten du norgehiagoka irabaztea???Bartzelona eta Real Madrilek argi beharko lukete izan: “liga eta gainerakoak irabazten dugu inork baino diru gehiago dugulako”

Boxeoa ere izan du asteburu honek. Estatubatuar bat eta Filipinetako gizaseme bat izan dira antzeztokian borrokan. Apustu ugari eta ikuskizun gutxi izan da Las Vegasen. PedroMari Goikoetxea eta Maritxalar entzuteko irrikitan nago; antza denez, Euskal Telebistan ikusi ahal izango da boxeo-borrokaldia.

Eta agi denez, Las Vegasen bezalaxe,  hemen ere jokoan egin beharrean gaude. Eibarrek lehen mailan jarraituko duen, Athleticek Errege Kopa irabaziko duen edota ostegun honetan pintxo potean mahairen bat libre aurkitzeko gai izango naizen. Horra hor, nork jakin. Bien bitartean ondo izan.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude