Madrilera begira esnatu naiz gaurkoan. Datorren asteburuan, chotisak dantzatzerainoko ganoraz egin nahiko nuke maratoia. Egia esan, oraingoan, ez dut entrenamenduekin gozatu; orpoan dudan ondoez txiki batek beharleku ugari eman dizkit kilometroak gustura irensteko orduan. Halere, ilusioz gainezka joango naiz Espainiako hiriburura. Goazen.
Baina bada datorren asteburuak izango duen beste hitzordurik ere; Aloñako igoera berri bat ospatuko da herrian. Bertan parte hartuko duten oñatiar dezente dabil egun hauetan mendian gora eta behera; urduritasunak uxatu nahian edo, igandean dastatuko duten ibilaldia kalkatzen aritu zenik ere izan du asteburu honek. Erritmo erosoa, izerdi tantak eta leku seinalatuan selfie dotorea. Eta dotorea izan zen ere Arrasaten antolatu zuten mendi lasterketa; Udalatx eta Besaide bezalako leku ederrak ibilbidean; lasterketa berri bat bailararako.
Udalaitz eta Aloña inguruak lasterkariez betetzen ziren horretan, Urkulu aldean izan ginen pasiatzen. Bidegorrian gora, aspaldiko lagun bat edo besterekin trikitx egin ondoren, urtegira heldu ginen. Beste behin ere erretratu eder bat geure begien aurrean; uretan norbaitek margotutako itzal bat zirudien Hiruaitzeko erliebe gaiztoak eta urrunean, ihes egiteko inongo premiarik ez zuen uroilo urdina antzeman genuen. Goiz pasa ederra.
Dispertsioari ere egin zitzaion irakurketa asteburuan. Ekaitzaren bisita espero ez zen arren, oinaztuek ere irakurtzeko borondatea erakutsi zuten. Bertso eta musikaren babesean giza eskubideen aldeko aldarria zizelkatu zen zeruan; trumoi eta oinaztuen artean, ozen eta argi, dagokionarentzako ezkilak.
Kontraktura malapartatu bat dut bizkarrean; 42 kilometroen botika alternatiboa ote den pentsatzen hasia naiz. Oinaztuen besteko indarrez ekingo diogu erronkari. Urruti bezain gertu dago Madril. Ondo izan.