EUSKAHALDUNAK

Aurreko asteko idatzian San Joxeren zurgindegiarekin zer gertatu ote zen galdetzen nion nire buruari. Astean zehar ez dut ganorazko erantzunik jaso eta beraz, argitzeke dago oraindik. Palentzia aldean pasa ditudan lau egunetan leku ezberdinetako kirolariekin izan naiz Nazioarteko Orientazio txapelketan. Kanadar, norvegiar edota espainiarrek harrituta begiratzen zidaten zurgindegiaren kontuak aipatzen nituenean; erantzuna balizak aurkitzea bezain erraza balitz bederen. Maila handiko kirolariak ikusteko aukera izan dut Gaztelako lurraldean; trebetasun handiarekin irakurtzen zuten hizkera estandarrean margotutako mapa.  Pinudi gazteak sastraka itsuekin nahasten ziren eta arantzez jositako zuhaixkak dezente eragozten zuten karrera azkarra. Eremu garbienetan ereindako lur- sail zabalei esker lortu nuen jarduna itxuran bukatzea.

Gaileten lurraldea ere bada Palentziako iparraldea; Gullon etxeak bertan du faktoria. Aguilar de Campoon ekoizten ditu horren ezagunak diren gailetak. Eta gaileten besteko goxotasuna, adore bikainera bilakatua bada ere,  gordetzen du Esparza adiskideak. Egundoko balentria erdietsi zuen atzokoan Italiako Seregno herrian 100kmko lasterketa irabaztean; gainera, marka itzela lortu zuenez, aukerak ditu munduko txapelketan parte hartzeko Cuevas handiarekin batera. Kilometroak irensten ari den besterik  ere badugu geurean; KORRIKA oilarraren kukurrukuarekin batera iritsi zaigu bailarara Udanan barna, euskaldunak euskahaldun. Ahaleginak merezitako saria ere jaso du elur kontuetan; Lucas Egibar donostiarrak snowboard  cross delakoan,  munduko Kopa  irabazi du eta. Garai baten harri, aizkora edota segan nabarmentzen bazen euskalduna, dagoeneko euskahaldun gara nonbait eta beste gai batzuetan ere azaltzen dugu burua…..eta jarrai dezagun azaltzen…..

Penintsulako hegoaldean hauteskundeak izan dituztela ere badakigu. Ehuneko, diputatu eta antzerakoak hautagaien algara, irrintzi eta negarrekin uztartzen dira albistegietan; emaitza ulergaitzak hauentzat, ustekabekoak haientzat  eta Huelvatik Almeriara flamencoa errege. Ole!!!!!

Hemen erregea, lekuko euskaldun eta nekagaitza izango da astean. Bilborainoko bidea egin bitartean, zalantzarik gabe, euskahaldun izango gara. Pegatinak eta petoak jarriko ditugu eta agian euskaraz ozenki mintzatuko gara norbaitek entzun gaitzan. Baina Korrikaren lekukoa armairuan gordeko dute astelehenean eta orduan euskaldunok eta euskahaldunok, zer egingo dugu??  Takoiz-jotzeak eta beronikak??? hummmmm!!!!!

Ea bada, zintzoak izan eta eutsi goiari!!!!!

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude