Gabon giroa antzematen da dagoeneko. Haurrak ilusioz jositako eskutitzak idazten ari diren honetan , Olentzerori keinu egin nahiko lukeen ekintzarik ikusteko aukera izan da. Txaloka ludotekak antolatuta jostailu trukea burutu zen larunbatean. Etxean alde batera utziak zeuden jostailuak trukatzeko aukera izan dute Oñatiko haurrek; ekintza eder honek harrera ezin hobea izan du eta ikazkinak borondate ona saritzen jakingo duen zalantzarik ez da nabari haurren begietan. Eta beste begi batzuk ere, poztasunez jasoko dituzte atzoko arratsaldean Oñatiko Pastoral Barrutiko Misio Taldearen eskutik Gabonetako kontzertuan bildutako txanponak. Haitiko herrian eskola eraikitzen laguntzeko izango baita dirupoltsa; haurren irribarre batek erraz eros dezake poltsarik gasrestiena.
Gabonetako kontzertua aipatu dudanez, gauzatxo bat nahiko nuke hemen idatzi. Oñatiko abesbatza ezberdinek hartu zuten parte kontzertuan; haurrek ere izan zuten euren ahotsak plazaratzeko edota elizaratzeko aukera. Halere, ene iritziz,eta txikienei so, ez zaizkit partiturarik egokienak iruditzen atzokoak; nahiz eta, borondate eta aldarte egokiak nagusitu, haurrentzako kontzertu serioegia iruditzen zait. Ez dira euren ahotsak gehiegi entzuten eta parte hartu aurreko orduak luzeegiak egiten zaizkie. Keinurik izan zen beraz atzokoan abesti eliztarretan; haurrek bederen, hori beharko lukete badaezpada. Eta keinu itsusirik ere izan du asteburuak; Ortuzar jaunaren adierazpenak ez dira egokiegiak izan gainean dugun turroi sasoirako. Hauteskunde usaia nabaria da alde bateko eta besteko politikarien artean eta Olentzerok, dirudienez, prest du ikatza sakutan.
Crossek ere badute Eguberri ikuturen bat edo beste. Neguan egiten den atletismoa gehiegi gustatzen zait. Atzokoan Bolunbururen omenezkoa jokatu zen Eibarren, Arraten. Gogotsu joan nintzen nire iltzedun zapatilak hartuta. Baina lesio madarikatu batek metro batzuk egiteko lizentzia oparitu zidan soilik. Nire bost minututako alferkeria Olasa lagunaren lasterketa ederrarekin ezkutatzea lortu nuen; izan ere, gorputzaldi petralari indarra eta adorea eskaini zion Olasagastik, zorionak. Bazkari garaiko tertulia ederrak gozatu edo eztitu zuen gure ahalegina,mahai gaineko turroi, trufa eta gainerakoen pare. Eta gozo konturik gabe, garraztuta bukatu zen Laudioko cros ospetsua; korrikalari beterano bat zendu baitzen lasterketa osteko minutuetan, goian bego.
Santamasak ere ate joka ditugu; egun horren arira eta ohikoa denez, Arrasaten lasterketa herrikoia ospatu zen. Inoiz baino korrikalari gehiago izan zuen lasterketak. Azkarrena Ane Zabala eta Beñat Arnaiz izan ziren. Eta pilotalekuko abilena Irujo izan zen; kaiolan jokatzen den txapelketa eskuratu du Iberoarrak Aimar menperatuta. Eta zerria egun seinalatuaren zai den honetan pilatu dira Oñabike proiektuaren eskutik Indiara bideratuko dituzten bizikletak. Keinu berri bat egun jakin hauetan Olentzero, Errege edota parekoren bati.
Hasiak gara beraz, gaztainak erretzen, turroiak erosten eta bildotsak harategian enkargatzen. Badatoz Santamas, Eguberri eta dena delakoak. Nik ardoa zuzendu dut dagoeneko; ezin baita ardorik gabeko bildotsik zerbitzatu. Keinu, imintzio eta antzerakoen jabe eginen naiz nire zapata lokaztuari begira; ikatzaren premia izango banu bezala, horren aldrebes, horren baldar. Eta piztuko dira ilusioaren kandela izoztuak; ikatzaren akuilupean eta urruti diren adiskideen malkoetan. Ondo izan.