ZIRKOA

 

Zirko baterako hamaika elementu eskaini digu asteburuak. Ganbara abesbatzak urteak betetzen dituela eta, zapaturako egun berezi bat antolatu zuten arduradunek. Pailazoek ikuskizuna haien kolore biziekin zipristintzen zuten bitartean, kantua kaleraino eraman zuen haurrez betetako multzo ederrak. Kantuen konpasera jardun zuten egun guztian zehar eta Gaztelekuan eginiko azken antzezlan batekin eman zioten bukaera zirkoari.

                Herriko Futbol Txapelketako azken trapezistak Azkoagainen azaldu zitzaizkigun. Denboraldiari bukaera emateko ligako finala ezezik, kopakoa ere jokatu zuten bertan. Doolygans taldeak eman zituen antza airean bueltarik ederrenak; honek eskuratu baitzuen txapela. Denboraldi bikaina egin badu ere, Albok taldeak ezin izan zuen ezer egin irabazleen azken jauzien aurrean. Eta trapezisten lanak antzestu aldera edo, tigrea bailitzan atera zen Erreala Anoetako kaiolara; baina Ilarramendik azorria atera eta mutu utzi zituen donostiarren orroak. Alabek ez zituzten ganoraz irentsi merengeen golak eta igande goIzean Bilbon jokatuko zen orientazio frogara kolore txuri urdinak eramatea otu zitzaien; oñatiarrak, Bilboko kaleetan, galdutako malabaristak ziruditen. Diaboloaren faltan, iparrotzaren aginduetara saiatu ginen balizak aurkitzen. Eguzkiak ederki berotzen zuen Bilboko monumentu jakin batzuen erliebe perfektuak; Casilda parkea,  edota Guggenheim bezalako gunetan ibili ginen zidor erraldoietan barna han- hemenka, gustura.

Lizarran izan da ere orentazio lasterketarik; Ega ibaiaren ibilguak marrazten dituen erliebeak interpretatzen aritu ginen larunbatean.  Zirkoari falta zitzaion ekilibrista edo orekaria izan nintzen mendiko bizikletaren gainean. Olasa lagun fotogenikoarekin batera itxura polita eman genion jardunari; eta helmugako Red Bulleko nesken besteko edertasuna erakusten zuen urdaiazpikoa ekarri genuen geurera. Etorkizunean egingo ditugun funanbulisten topaketaren baten dastatzeko aproposa.

Bizikletaren gainean nik baino dohai hobeak dituzten malabaristak ere agertu ziren Lizarrara. Euskal herriko itzuliaren aparitiboa ekarri zuen Indurain klasikoak. Valverdek jantzi zuen txapela Lizarran eta aste honetan ere, Contador madrildarrarekin batera, hautagai serioa da azken garaipenari begira. Bertakoak etekinen bat lortze aldera, akrobaziak edota malabarismoak egin beharko dituzte  magia trikimailuren  bat saihesteko bada ere.

Spinning maratoia ere azaldu zaigu oihal handiaren azpira. Hiru orduz aritu ziren gurpil bakarreko bizkletaren gainean. Otegi aldiz, ezin izan zen hiru ordutara heldu asteburuan etxean egin duen sartu- irtenean. Elgoibartarraren inguruan dagoen zirkoa bizirik mantentzen du interesatuak; gustuko pailazo, mago eta antzerakoak ditu kate motzean lotuak bere ikuskizunerako.  Norbaitek  esana da zirko txarrari nanoak hazten zaizkiola, ea bada.

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude