GIHARRAK

Zapatu goizean giharrak zeharo minduta esnatu nintzen. Bezperan aurtengo Aloña lasterketako jeitsiera ezagutzen izan nintzen konpainia onean. Mendiaren ipar pareta hezeak gune teknikoak eskaintzen dizkio korrikalariari; hostoak, harkaitz zati txikiak eta haizeak sakabanatutako abarrak nonahi.  Labainkorra da benetan arbela duen tramu pikoa; zapatiletako takoek lan nekeza izanen dute zorua estekatzeko orduan. Esaera zaharrari keinu egin eta……gustuko lekuan aldaparik ez.

Aldapatsua izan zen Gorlarako igoera. Bizikleta gaineko frogak hasi dira azaltzen. Bergara eta Azkoitia lotzen duen mendatean Arnau Solé kataluindarra izan da azkarrena. Eskarmentu handiko bere herrikideak, Puritok, Volta eskuratu du Montjuicen eta Alantejoko itzuliko sailkapen orokorra Euskadi Fundazioarentzat izan da. Herrira begiratuz  gero, Odriozola eta Umerez aipatu gurako nituzke. Biak ala biak denboraldi polita egiten ari dira; Odriozolaren taldea lan bikaina egiten ari da errepidean eta Umerez, atzokoan, 5na izan zen Uzarragarako igoeran.

Valladoliden Liga Norteko orientazio froga jokatu zen. Oraingoan ezin joan eta alternatiba bilatu behar. Ekainean Laredoko maratoia egiteko asmoa dudanez, hasi naiz dagoeneko kilometroak sartzen. Zapatu arratsaldean atzorako plan ederra ekoiztu genuen Pelayo eta biok. Oñatitik Eskoriatzarako bidea egin genuen elkarrekin; zeharkaldiak iraun zuen 21 kilometrotan txanda eskatu beharrean izan ginen hitz egiteko. Erronka armonia eta giro ederrean burutu ostean, familiak genituen Eskoriatzan zai. Erropa lehorrak jantzi eta Aretxabaletara abiatu ginen Urkulurako bidegorrria hartzeko. Astiro eta lasai Matikuraino heldu ginen. Ogitarteko goxoegiak genituen geure zai.

Hogeita bat ez, hogeita hamahiru urte egin dituzte Margari eta Xabierrek Izarraitz taberna gobernatzen.Biainek jaso dezan, asteburuan jeitsi dute pertsiana birtuala. Eta ondo jasota geratuko da, atzo bezalaxe Errealaren partidak bertako telebistan ikusteko; Osasunaren aurkako berdinketak puntu eskas bat eman die donostiarrei Europarako. Iruñako taldearentzat ere, eskasa da lortutako saria.

Karapaixo garaia dugu. Gaurkoan, berriro ere, giharrak berreskuratzeko aproposa den frogatuko dut, badaezpada. Halere,agian, entrenamendutan ezezik  okindegiko hilaran ere kargatuko zaizkit giharrak. Ondo segi.

 

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude