UR KORRONTEA

Ez dut gozatu. Gogorra egin zait asteburua. Ostegun gauez hasi ziren arazoak geurean. Mantenu lanak egiten hasi, hodia gehiegi estutu eta ondorioz, ur korronteak hautsi zuen hodia eta….. akabo. Ni neu ez naiz, beharbada, mantenu lanetarako gizasemerik egokiena baina nire uste apalean, kalitate- kantitateari binomioari dagokionez, era egokian egiten ditut etxeko lanak. Halere, ez zitzaion horrela iruditu ur korronte bortitzari; ez du bestetan lez, mantenu lanak behar beste baloratu eta ondorioz, nire harridurarako, beste zeregin batzuk eskatzearekin batera, hodia zulatu eta Usako txikia iritsi da geurera.

 

Hodia hautsirik, ostiralean berau konpontzeko ahaleginean aritu nintzen buru-belarri. Kostata baina ur jarioa gelditzea lortu genuen; ez zen aparteko konponketa izan, partxe marabilloso bat baino ez nion jarri hodiari. Egun erdi iraun zuen asmakizunak; zapatu arratsalderako ur tantak ageri ziren partxetik zintzilik, eta gutxira, ur jario berri bat geurean. Gaua lasai pasatze aldera, etsita, ur korrontea moztu genuen; biharamunean beste zerbaiten beharra, premia izango genuen. Urduri eta egonezin handi batez lokartu nintzen.

 

Igandea ez zen hobea izan. Etengabeko tantak ziren protagonista; azpian jarritako kuboak ederki pairatzen zuen etengabeko jario motela. Txokolate berorako orduan, nolabaiteko imintzioa somatu nion ur korronte tematiari. Tantak lehortzen hasiak ziren ustea nagusitu zen nigan; eta gutxira, Wasapetan bidaltzen diren keinu horietako baten tankeran, beste ahalegin bat eskatu zidan. McGiber handia etorri zitzaidan orduan gogora; punta puntako bi erreminta lortu nituen azken ahaleginerako.

 

Erreminta aproposak, gozoak, egokiak iruditu zitzaizkigun; hodiak ederto onartzen zituen iragazki eta gainerakoak. Itxura ederra hartu zuen; tantanik ez, jariorik ez. Gustura. Baina ur korronteak ez zuen oraindik azken hitza aditzera eman; erremintekin gustura gelditu bazen ere, ez zitzaion nonbait, eskulana gustatu. Nire etsipenerako, gogo txarrez, urak bere bidea jarraitu zuen. Orduan oihukatu nion: jodidu hadi!!!

 

Gaur astelehena, iturginak konpondu beharko du arazoa. Ur korrontea ezinbestekoa da bizi iraupenerako. Beharrezkoa etxeko elkarbizitzarako. Baxera, lixiba eta antzerako zeregin aberatsak konpartitu ditugu elkarrekin. Hor nonbait irakurria dut: << borroka ezazu nahi duzun hori lortzeko. Disfruta ezazu maitatzen zaituztenekin.Askotan ez ditugu uneoro ematen diren baloreak ulertzen, harik eta balore horiek desagertzen diren arte. Horregatik, ez ezazu zeure bizitza zirriborro batean marraztu; agian, ez duzu garbira pasatzeko astirik hartuko eta.>>> Etor bedi azkar iturgina !!!

 

Itsasoak triskantzak egin ditu kostaldean. Hamaika horma, errepide eta hezi apurtu ditu lotsagabe. Barnealdean ez dugu  halakorik izan. Amaitzeko gauzatxo bat komentatu gurako nuke; Lizargaraten egin den giza kateak 300 lagun batu ditu. Eskutik helduta etorkizun oparo eta erakargarri baten bila azaldu ziren Aurreko Mendiak. Horrela izan bedi. Aste ona izan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude