ERABAKIAK

                  Erabakia hartuta geneuen. Ostirala, euria gogotik eta gu Bortziriak bisitatzera. Oñatin geldituz gero, asteburuko planak ere nahiko bustiak aterako zitzaizkigunez, aurrera bolie, han ala hemen, euria euri. Ostiral iluntzean iritsi ginen Bera herrira. Mendialdean dagoen etxe dotore batean hartu genuen ostatu. Bidaia nardabera samarra izan zen, zerutik erortzen ziren euri tantek errepidea arriskutsu bihurtu zuten; istripu txikiak, zipristinak eta antzerako efektu tunkagarriek gogaitu ninduten.

                  Egia esan, urtarrila ez da hilerik egokiena inguru hauek ezagutzeko baina Lizuniagako mendatean igandean nuen orientazio frogak horrela agintzen zuen. Larunbatean Bidasoaren bi alboetarako orientazio plana marraztu genuen; erreka guztiak indartsu eta zakar zetozen Bidasoara. Kantauri itsasoaren oldarraldia mehatsatu nahian edo, eremurik zingiratsuenak arrotzen zituen lotsagabe. Lesakan egindako osteratxoan, aterkin dantzaren konpasera, argazki bakan batzuk atera genituen. Erreportai grafikoari akueduktoa falta izan zaio, soilik. 

                  Igandeko balizek eguzki izpiak ikusi zituzten. Lizuniagako bidexkak errekei imintzioka ziren. Bustiak eta humelak, arratsaldeko lokatzaren zain estanpa ederrak perfilatzen zituzten erliebe malkartsuan. Oinak hezurretarino bustiak eta baliza guztiak poltsikoratuta, gustura amaitu nuen mendi irteera. Beste ausarten bat edo beste ere, ibili da balizen bila; Aaron eta konpainiak lehen postua eskuratu dute Kataluinia aldean egin den neguko Raidean. Biba zuek.

                 Donostian Ebuya handia izan zen txapeldun hipodromoko baratzean. Urtero galtzen omen du norbaitek zapatilaren bat zirkuituko lohitzean; baldin eta, ahaleginak ez badu lehenago gibela zulatzen. Eta Lasarte aldetik Idizabalera; bertan ospatu baitzen gaztaren lasterketa ospetsua. Ritxar Fernandez oñatiarrak eskura izan zuen hirugarren lekua baina azken metrotako sprintak ozpindu zuen Kanpantxokoaren ametsa. Halere, zorionak. 

                 Athletic gogor dabil. Osasuntsu Iruñarrei osasuna lapurtuz. Bost gol Sadarren sartuz indartsu jarraitzen du sailkapeneko lehen lekuetan. Eta saskibaloian Gasteizeko taldea irrifartsu eta Donostiako berriz, burumakur. Baskoniak Errege Kopa jokatzeko txartela eskuratu du asteburuan.

                 Erabakitzeko eskubidea. Gure Esku Dago ekimenak antolatuta sinadura ekitaldia egin zen larunabatean. Autodeterminazioaren alde, ekainaren 8an egingo den giza katearen lehen urratsak ekoizten ari dira geurean. Durango eta Iruñea lotuko dituen kateak lau haizetara zabaldu nahiko du herri honen erabakitzeko eskubidea. Ea bada.

                 Nabigazio flubialenean barrena, uholdeen zakarkeriek eramango dute urtarrileko azken astelehena. Lokatza geratuko da belar eta ibaiertzetan; ahaleginak eta erabakiak airean.Ondo izan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude