ENBATA ETA ZIRIMOLAK

 

            Danbor hotsak zeruan. Trumoi zaratatsuenen gonbitepean dantzan saiatzen da San Sebastian doinua. Martxan da dagoeneko angulen jaia; bart Konstituzio plaza, euri ttanttak saiheste aldera, zerura begira ikusi dugu. Danborrak astintzeko gogoz donostiarrek emozioa marrazten zuten aurpegi hotzetan; kolpe bakoitzeko barruan daramagun enbata azaltzeko grinaz azaldu zaigu Donostia.

           Eta Realak Getaferainoko bidean galdu zuen enbatarik kementsuena erakusteko indarra. Hasieran otso eta bukaeran uso, Coliseum delakotik zapore gazi- gozoa ekarri du danbor hotsen erreinura. Dena den, denboraldi bikaina egiten ari da Arrasateren taldea; astean Villareal kanporatu duenez, berriro ere, Europan jokatzeko aukera gertu du. Bestetik, Ilunbeko talde saiatuari, lehorretik, Madriletik, heldu zaio ditxosozko hondarrezko ekaitza. Denboraldi polita egiten badabil ere, egun Laso gasteiztarraren taldearen jokoa paregabea da.

                                                                                     huracan

             Kirolari bat edo beste Brasilgo Joku Olinpikoei begira dabil. Lan karga handia du une honetan kirolariak sanbaren lurraldean lehiatu nahi badu. Enbataren indarra, lana eta zortea ezinbesteko lagunak izango dira ametsa gauzatzeko. Maider Unda borrokalariak Brasilen egoteko aukera handiak bazituen ere, Oletan geldituko da arkume berriaren zain; espero duen haurra izango da urrezko dominarik politena. Zorionak.        

             Pisterra ere badugu geurean. Zirimolak besteko indarra erakutsi du Olaberria adoretsuak pistan. Scrach erako Munduko kopa eskuratu du ikaztegiarrak. Udaberrian Oñatiarrok Emakumeen Birako etapa bat izango dugu herrian eta bertan Leire ikusteko aukera izango dugu. Argazkilariak ere izango dira instantanearik politena eskuratzeko lehian; aitzitik, ez dute herriko Udalaren premiarik izango. Izan ere, egungo argazkiak digitalegiak omen dira; eta negatibo edo papereko erretratuak baino ez ditu bihurtuko birtual.

             Barealdiaren bila enbatak, ekaitzak eta antzerakoak ekidin nahian dakusat Helena Franko eta konpainia. Bere garaian Bilduk Aldundia hartu izanak tripako min galantak sortarazi zizkion interesatuari. Eta bide batez, denbora aurrera doan heinean, enbidoak eta hordagoak baino ez ditu oposizioak Bildukoen mahai gainean jarri. Politika neo- liberal  bat Gipuzkoarentzat; patroiak eta enpresaburuak gustura egotea omen da egokiena, izarren ligan dirua jokoan ….eta langilea, bigarren mailan, promozio eta eskaintza ezberdinen zain eslinga batetik zintzilik. Hego haizerik gabe zoratzeko beste.

             Azken aipuetako bat Aloña Mendiko eskubaloi sailari eskainiko diot; izan ere, goi mailako partida berri bat antolatu baitu Zubikoan. Bidasoak eta Anaitasunak jokatu zuten lagun arteko norgehiagoka. Horrelako ekitaldiak, denon gozamenerako, ederrak dira. Horrela, gaionera lau hitz hauek eskubaloi saila eramaten duen lan taldea zoriontzeko aproposak izango zaizkit. Harrobiari begira egiten ari den lana ez ezik, erakusten duen jardun aberatsak ere, onerako harritzen nau. Zorionak.

             Enbatak, zirimolak haize boladak….ez dira inoiz denon gusturako azaltzen. Hor nonbait entzuna da << haize beltz, haize xuri, nork ikusi dio kolorerik haizeari>>. Asteari kolorerik eztiena bilatzen saiatuko naiz. Eta zu??? Ondo izan.

 

                                                                                                                                                                                                                             2013-01-20

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude