TSUNAMIA

            herrira_g_0  Berotuta, irakiten aurkeztu zitzaigun ostiralean asteburua. Astean zehar izandako atxiloketek zentzugabekeriaren saltsarik gaziena dastatzera eraman gintuzten; eta saltsan zikinduak edo zipriztinduak ginenean Velasco ( no le des tanto al frasco) agertu zitzaigun saltsari pipermina gehitzera. Presoen eskubideen alde ospatu behar zen manifestazioa bertan behera utzi zuen epaileak. Aitzitik, mesede handi bat egin zigulakoan naiz; bere erabaki antzuak herri honetako bi alderdi nagusiak, eskutik helduta, Bilbon elkartzera eraman baititu. Hasiera bateko lema aldatu bada ere, keinu aberatsa eta esanguratsua da abertzaleontzat. Herria aurrera doa.

 

            Bilbotarrek gauza ikusgarriak dituzte; ez dago Bilbo bezalakorik, Bilbo bakarra omen da. Eta asteburuan Tsunamia izan dute kalean. Estatu mailako egunkari jakin batzuk gertatukoa mozorrotzen saiatu dira; baina horrela ei da. Aberats edota botereak idatzitako historia, komeni den eran idatzia izan baita gizaldi ugaritan.

 

            Eta Bilbon jokatu zuen ere Athleticek larunbatean. Almeriari dozena erdi gol sartu zizkion talde zurigorriak. Anoetako porrota uxatu nahian edo, ez zen nahikoa norgehiagoka irabaztea; antza, gol kargak Donostiako zauria osatu ahal du ….. baina orbaina azalean dirau, ez da?

 

            Gol birtualak sartzen dabil aspaldian Urretxua – Arroyo bikotea. Horrela aipatuta pilotari batzuk diruditen arren, biak ala biak korrikalariak dira. Aste hauetan cross denboraldia sartu zaigu sukalderaino. Geure gozamenerako Zornotza, Ulia eta Elgoibarreko lasterketak izan ditugu; eta aipatutako antxintxikalariek, afrikarren gerizpean izan bada ere, lasterketa bikainak egin dituzte. Hilabete bukaeran Donostiako crossa izango dugu; Zubietako hipodromoan..ea bada.

 

        oleta20140111_135254    Eguraldiak asko lagundu du asteburuan. Urtarrilean dantzan dabil  giro ederra neguari matrailak gorritze aldera. Horrela, larunbatean Oletan izan ginen. Eta oraingo honetan amaginarrebarenera joan ez eze, abenturaz ere busti ginen. Hontza Extreme abentura parkea zabaldu berri dute Oleta eta Otxandio artean; bi ordu luzez aritu ginen tirolina eta antzerakoak frogatzen. Eta naturarekiko lotura iganderaino luzatzea lortu genuen; mendi irteera erakargarri bat egin genuen eskola kirola programaren baitan. Belar meta batzuk lagun genituela egin genuen hamaiketako ederra baino goxoagoa.

 

            mendi irteera110508Txotx denboraldia jarri da martxan dagoeneko. Sagardoa sagardotegietan edateko garaia da. Neuri pertsonalki ez zait asko gustatzen sagarrez eginiko ditxosozko salda baina bere aitzakiapean sortzen den giroak benetan pizten nau. Atzo, halere, lagun arteko bazkariak piztu ninduen. Mendi martxaren osteko otordu eta tertuliak ez du parekorik.

 

            Txapeldunak Bilbo eta Elgoibarren. Aisialdia Oletan eta bazkaria Larrain Gainen. Ederto. Tsunami paregabeak. Ondo izan.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude