Urtero legez azoka izan da Durangon. Egun batzutarako bada ere, euskal kulturaren topagunea dela diote. Ni, egia esan, ez naiz aspaldian bertan izan. Ez naiz azokaz zipriztindu, ez dut horretarako ohiturarik. Halere, pozten naiz arrakastatsua izan bada; izan bedi, krisiari aurpegirik atseginena jartzeko. Eta auregirik ederrena erakutsi nahian azaldu zaizkigu Oñatiko hainbat denda; izan ere, eskaparate lehiaketa deitu baitu, aurten ere, herriko Udalak. Epaimahiak ez du lan erraza izango; dendariak sutsu saiatu baitira euren erakuslehioak apaintzeko orduan. Elurra aukeratu du batek, kartoizko irudiak besteak eta aterkinezko zuhaitzak hirugarren batek. Hiru adibide baino ez ditut aipatu, osteratxo bat eman ezazu eta… zeuk erabaki.
Erakusleiho edota azoketako mahaietara hurbiltzeko ahaleginean ikusi
nuen ostiral arratsaldean Bagauda talde gaztea. ONA tabernan eman zuten kontzertuan izan nintzen; doinu rokeroak eta zuzenak; aitzitik, Durangoko zipriztinik gabe lehorregi naizenez, ez naiz adjetiboak ematen luzatuko. Bada horretarako aditurik; atletismoan bezelaxe. Fiz gasteiztarrak Castellonen erakutsi du maratoirako oraindik ere duen aparteko ezagutza. Gainera, eta negozio gizon berri bat den aldetik, aldizkari jakin bateko arduradunetako bat izateaz gain, atletismo denda bat ireki berri du Gasteizen, Prado parkean. Nor edo zer jarriko ote du erakusleihoan Martintxok????
Erakusleihoa ez bada ere, herriko Udaleko balkoi luzeak badu mezuak adierazteko funtziorik. Horrela, arazo sozial zein politikoak irakurri ahal izan ditugu bertan; asteburuan berriz, aurreko asteko ikurrin dantzari keinu eginez edo, Espainiako bandera arbuigarri bat ikusi ahal izan dugu. Begiek egin behar izan duten ahalegina apartekoa izan bada ere, la rojaigualda lehiaketatik kanpo egongo da nonbait.
Mandelari ere egin dio keinu balkoiak. Asteburuan zendu da aparhaitaren ekintzaile eta politikari saiatua. Polita keinua. Halere, bada Mandelaren irudia erabiltzen duten basapiztirik ere. Euren erakusleiho eskuindarretan, inongo lotsarik gabe, apaintzen dute Hegoafrika. Iraultzailearen gartzela zigorra defendatzen, justifikatzen, zuten erakunde horiek, egun, bere irudia goraipatzen dute. Gibelak eguzkitara atera nahiko ote dituzte????
Arraten crossaren azoka ospatu zen atzokoan. Olabeko landetan jokatu ziren lasterketek erakusleiho ezberdinak eskaini zizkieten zaletuei. Erliebe malkartsuko mendi tontorrak zeru urdinarekin batera erraz bistaratzen baziren ere, maindire zuri eta erraldoi bat bailitzan, estaltzen zituen behelainoak erreka eta haranak. Eta eszenatoki eder horretan aritu ginen korrikalariok geure zapatiletako iltzeak dantzatzen. Aitortu beharra daukat; cross munduak liluratzen nau. Sortzen didan zirrarak bete egiten nau, ase. Taldekide eta familikoekin ostean izandako bazkariak bezalaxe, ase. Barazko Boroska delakoa irakurri ahal izan genuen menuan, barazki eslobakiarren bat, again, auskalo.
Hilak pizteko moduko erakusleihoak zabaltzen dira geurean. Eta geu ikusle edota kontsumitzaile garen aldetik gustura. Astea eguzkitsu ei dator. Aprobetxatu. Ondo izan.