Borobila


Iruña Oka aldean izan nintzen larunbatean. Garai batean ingurua babesten zuten hiru gazteluei omenaldia egite aldera edo, mendi lasterketa txukuna antolatu zuten. Hasiera bateko asmoa lasai xamar egitea bazen ere, nire harridudarako aurrez pentsatutako erritmoak lasterketaren hasierako postutan kokatu ninduen. Horrela, egoera hau eta larunbatean nuen nolabaiteko subidoia uztartu ziren momento hark, lasterketa benetan lehiatzera eraman ninduen. Kilometro gehientsuenak laugarren postuan egin nituen baina jakin banekien azken hirurak asfaltuan zirela; ondorioz haginak estutu eta amaierako tarte horretan aurrean nituen bi korrikalari pasa nituen. Helmugan bigarrena eta nire zai inortxo ere ez. Etxekoak oraindik ere, oporretan.

Behin behineko azterketa bat izan bazen ere, ostegunean izan nuen urteko errebisioan berri onak eman zizkidan medikuak. Horra hor, subidoiaren arrazaoia. Orain, dena dela, asteartearen zai nago; bihar esango baitit hemendik aurrera hartu beharko dudan norabidea. Halere, une oro topera ezingo banaiz ibili ere, lasterketetan lasai asko parte hartu ahal izateak ez dauka parekorik.

Aurreko astean Natra Oñatik erakutsi zuen bideari jarraitzen edo, eskuratu zuen Ordiziako errugbi taldeak Espainiako Kopa Sardineron, Santanderren. Aldiz, ezin izan zuten garaipenik ospatu Athleticeko neskek; berdinketa nahikoa bazen ere, porrota poltsikoratu zuten eta ondorioz, liga Bartzelonak eraman du. San Mamesi negar egitea egokitu zaio aurten. Eta Azkoagain Oñatiko beteranoen herri txapelketaren azken partiden lekuko izan zen beste behin. Arratsaldean zehar Baxaxalbago Markuletak aipamen berezia jaso zuen; beteranoetan beteranoenea. Bestetik, kontuak kontu, Zorroberorentzat liga eta Txarrixak taldearentzat kopa.

Oñati beti jaietan dagoela esaten duen asko ezagutzen dugu. Baina, egia esan, arrazoi faltarik ez dute. Olabartako jaiekin hasi eta Torreauzora iritsi artean bada non zer egin. Sanmiel txikiek bertso eta esaera zaharren nahasketa dotore bat utzi dizkigute. Jarraian Kasablankan San Isidroak ospatuko direnez Kale Zaharrean txintxo ibili den horrek badu bihurrikeriak non egin. Halere, jakin beza Torreauzo, oraindik ere, urruti xamar dagoela.

Urteurrenak ala aspaldiko garaiak gogoratzeko ekitaldiak ere izan ditugu geurean. Arantzazuko Seminarioko ikasle ohiak Arantzazunbildu ziren asteburuan. Garai bateko kontu eta pasadizu xelebreak izango ziren berbagai Hospederian egin zuten bazkarian. Eta larunbatean ere, Txantxiku Ikastolaren eguna ospatze aldera, Pirritx eta Porrotx pailazoen emanldia izan zen Zubikoan. Pailazokerietan hasi den bikote gazte oñatiarrik ere bada, oker ez banaiz Pitx eta Potx izenez nahi dira ezagutzera eman; asteburuan egin dute lehen saioa, zorte on.

Etxeak ganoraz pasa du ITVa. Dagoeneko bukatu dira oporrak etxeko lau andereñoentzat. Gaurkoan eguraldi ederra dugu eta gauean Errealaren garaipenak are ederragoa bihur dezake eguna, borobilagoa. Sanmiel Txiki, San Isidro…..denak ditugu so. Ea bada. Ondo izan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude