ALOÑAKO TXARRANA
Aspalditik nuen asteburua egutegian markatua. Besteak bete, Aloñako igoera egiteaz gain, denboraldiko lehen Raida bainuen Oionen. Froga honek hasiera Labrazako herri dotorean zuen; bere garaian Nafarroako erresumaren gotorleku eder eta garrantzitsu bat izan zen Arabako herri hau.
Gorgomendiko gurutzerako lasterketa heavyan Letamendi eta gertuko Txominen lana nahi nituzke azpimarratu. Frogaren gogortasuna korrikalariak baldintzatzen badu ere, goitik beherako tarteak min handia egiten du; desnibel handia eta behatzetako azazkalak dardarka.
Natradagoeneko liga txapelduna dugu. Nahiz eta norgehiagoka galdu, txapela buruan dutela agurtu dute asteburua. Orain igoera fase berri bati egin beharko dio aurre. Zorterik onena.
Larunbatean Debagoieneko dantzarien topaketa ospatu zen Oñatin. Giro ederra nagusitu zen Oñatiko kaleetan; bertan, ene ikasle bat aritu zen banako, Larrain dantza eta dena delakoei egurra ematen. Sasoia, patxada eta bizitasun handia dauka Martinlagunak.
Astelehenarekin batera sailkapenak kontsultatu omen dira han eta hemen. Aloñara iristeko horrenbeste denbora, jaisteko beste horrenbeste; hamaika baliza aurkituta eta beste zortzi lozorroan utzita….baina kontsultarik deigarriena Legazpiarrek bizi izan dute asteburuan. Kontsulta ez- ofiziala bada ere, ze pentsatua emango dio bertako udalari. Eta hemen, bien bitartean, mural dotorea marraztu du Kasablankako bidegorriko horma zurian Zero Zabor taldeak. Belauneko minak buruhauste galantak ematen dizkit. Tendinitisa omen dut. Osatu bitartean masaia, ariketa aproposak eta dosi handi baten pazientzia beharko dut ( edo beharko dute etxekoek). Arnasa sakon hartu eta asteburuak utzi dituen argazki dotoreak ikusten pasako dut denboratxo bat behintzat. Akaso, Txarranaren irudiren bat agertuko zait oharkabean.Ondo izan.
