MOZORROAK

Inauteriak, aratusteak edota karnabalbezala ezagutzen ditugun jai hauek beti izan ditut gogoko. Mundu osora zabaldua den ohitura bada ere, herrialde  zein herri bakoitzak badu  jai koloretsu hau ospatzeko modu propiorik. Geurean bada hilabete inguru, etxeko trapu zaharrak jantzi eta dantza eta kantuen bidez, urtean zehar pilatutako gaitzei agur esaten hasiak garela.

Horrela, kalean ikusi ahal ditugun pertsonaiak aztertzearekin bat, gogora datorkit bat batean larunbat goizaldean ikusi nuen lapur hura. Lapurrak non- nahi somatzen baititugu aspaldian; Espainiako Erresuma presiditzen duen Erraxoidelakotik hasi eta Iruñean “agintzen” duen Barcinaraino. Lapur mozorroa ohikoa da geurean, zoritxarrez.

Eta Erresuma aipatzearekin bat Gasteizen jokatu berri den Kopa ere ziztatu behar. Jaialdira Jon-Txarli Borboiez mozorrotutako gizaseme bat agertu zen Zurbanon. Txistu zaparrada jaso zuen zaleengandik, mozorroa, dirudienez, ez zen batere egokia. Gainera, telebistan, zaletu valentziarrek baino ez zutela errespetua erakutsi entzun dut, ene bada. Bartzelonak eskuratu duen txapelketa maisuki jarraitu du bertatik bertara Aratz ditxaratxeroak. Kazetari profesional bat izateko dohainak erakusten dabil Losada, bai horixe.

Satorrez jantzi ziren igandean korrikalariak Zornotzan ospatu behar zen Euskadiko cross txapelketarako. Euskal Herriak duen kross zirkuiturik onenean, gizakumetan, Ivan Fernandez  arabarra izan zen azkarrena. Emakumetan, izenari ohore egiten edo, Penelope Bañosek eskuratu zuen lokatzetako Oskar saria.

Natrak etxean galdu du. Jai giroak ez dio onik egin Oñatiko taldeari. Halere, bide onetik doa taldea, eutsi. Eta jai giroa diot, herria ere mozorroz jantzi baita asteburuan. Kaleak ederto girotu zituzten larunbatean  Oñatz dantza taldearen eskutik 200 bat Oñatiarrek. Larunbateko euri- jasak anabasa karnabaleskoa suntsitzeko eragin handirik izan ez bazuen ere, igandeko euri petralak jaia aldrebestu zuen. Aitzitik, asteburu ederra eta Miel Otxin, asteartean, sutara.

Lopez lehendakari ohiak ere badu zer ospatu. Asteartean zer nolako mozorroa atera duen duen pentsatzen hasia naiz eta egia esan, nahiko gaitza egiten zait bat aukeratzea. Bote prontoan, Patxi eta Idoia  Mendia, urrunez urrun,  Peter Pan eta Canpanillarekin lotuko nituzke, zer iruditzen????

Arrasate aldean jauzi ikusgarriak egiten ari dira. Maialen Axpe Espainiako azpitxapeldun  bilakatu da eta Jonatanek berriz, dotore jarraitzen du. Elurretan salto ikusgarririk egin duenik ere ezagutu dut. Trineo inprobisatu horietako baten, goitik behera, takateko ederrak ikus idira Kanposantuko aldapan; elurra izan baitugu kalean, estanpa politak.

Karnabaleei agur esan eta Aste Santurako bidean jarriko gara laster baten. Umeak, edota dagoeneko horren ume ez garenok, karapaixuaren zai egongo gara. Eta bien bitartean, eguneroko mozorroa soinean, erronka berriei so. Ondo izan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude