DURANGOTIK

           
            Heldu zaigu oraingoan ere astelehena. Lau egun izan dituen asteburuak, zertzelada interesgarri batzuk utzi ditu guerean. Han eta hemen, irakurri ahal izan dugu lau egunetako kultura erresuma ekartzen digun Durangoko azokaren ingurukoak; honek joku dexente ematen du berbak edota hitzak bederen, kontakizun honetara ekartzeko.

            Ostegunean berdez edo orlegiz margoztu zuten Durangaldea. Independentziaren aldeko martxa berdeak kultura munduko multzo ezberdinak bildu ezezik, nortasun soberanistaren jabe diren talde sozialak ere batu zituen. Eta ildo beretik Herrira ekimenak presoak gogorarazi gura izan zituen lipdub erakargarri bat medio. Geurea kolore propioz margotu behar dugun aldarrikapenaren oihartzuna entzuteko balio izan du, berriro ere, Durangok.

            Urkiolak banatzen ditu Durangaldea eta Otxandioko lurrak. Eta Otxandiotik oso gertu dago familia giroan igarotzeko hautatu dugun lekua, Oleta. Paraje hotza da Anbotoko magala; baserria berotzeko tona bat su-egur xahutu ditugula iruditzen zaidan honetan, Gasteizeko izotz pista datorkit gogora. Izotzetan irristatzeko gogoa asetu aldera edo, hurbildu ginen Salburuako landetara; bertan Baskoniak duen pista dotorean kolpatu nuen behin eta berriz nire ipurdi ponpoxoa izotzaren kontra. Alabek euren abilezia erakusten zuten bitartean, ni takatekoak zenbatzen pasa nuen arratsaldea. Halere, takatekoak fisikoak edota nominatiboak izan daitezkeela pentsatze hutsak nerbioak dantzan jartzen dizkit. Oraindik ere, patinai artistikorik akrobatikoenean, ez baitakigu nominan extrarik izango dugun; azken erabakia extraterresteen eskutan dagoen bitartean….ver venir…..

            Kirolei keinu egite aldera, Altsasuan Ritxar eta Marisolek lortutako garaipenak aipatuko nituzke lehenengo; Kanpantxoko korrikalariak bigarren aldiz lortu du garaipena Sakana aldean eta sasoi bete betean iritsiko da igandeko Gasteizeko maratoi erdira. Saskibaloiak ere izen propioak izan ditu; Natrak dotore jarraitzen duen bitartean, Baskoniak bide zuzena aurkitu duen izpiak ageri dira. Eta Erreala Europara begira jarri den honetan, badaezpada, Lodosako piper eta zainzurien uzta emankorra zaintzen hasi beharko da

Olentzerori eskutitza idazteko garaia den honetan, Mungian duen etxe dotorera ere egin genuen osteratxoa Osinagatarrok. Sentimental hutsa den honi malkoz bete zitzaizkion begiak alabarik txikiena Olentzeroren altzoan eseri zenean

            Gabonak gerturatzen diren heinean kirol anitzetan lagun arteko partida errebeindikatiboak antolatzen ditu interesatuak. Nazio izaera izate aldera, eta beraz., inoiz selekzio propioa defendatzeko esperantzaz janzten dira kirolari eta kirolzaleen ilusioak. Euskal Herriko futbol selekzioak Azkargortaren Bolivia jasoko duen bitartean, zur eta lur geratu naiz ateburuan irakurri dudan berri batekin. Dirudienez, Madrileko Futbol Federazioaren urteurrenen bat ospatzeko edo, Kataluinia eta Madrilek jokatu behar omen dute elkarren kontra maiatzean; zer iruditzen?

           

Arestian Olentzero aipatu dut. Eskutitzak idazteko zilegitasun magikoa haurrek baino ez duten gizarte honetan, ni neu ere ume bilakatuko naiz une batez, bi lerro idazteko bada ere. Aipatutako kolore berde horretan ditut pentsamenduak, mezurik freskagarrienean,  Herrira herriarena ekartzeko ahalegin eta desio horretan. Ikazkinak langileak behar ditu guztion nahia eta premiak alaitzeko;  langabetuen etxeetara beharra eramateko eta haurren ilusioak geure begietan malkoz bustitzeko. Ondo izan.

           

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude