Guk euskaraz, zuk zergatik ez?

Euskal Herri osoko ikastetxe eta ikastoletan antolatu diren ekintza anitzetan arituko ziren bertsotan edota abesten Oskorri, Pantxoa eta Pello edota Laboaren kantak. Horrelakoa izaten baita egun hau, askok eta batzuk jartzen dute gaurkoan horren disdiratsua izan daitekeen euskararen kareta. Hilaren 3an euskaraz eta 4an ostera, gazteleraz. Hala iruditzen zait behintzat…
Baina astelehena iritsi ahal izateko asteburua pasa behar izan da. Kirol arloan irrati esatari ditxaratxero bat dabilen ildotik, ia perfektua izan omen da. Txuri-urdinek Mestallan egindako partidak eta Natra Aloñak Santanderren lortutako garaipenak izango dute zerikusirik. Ziur. Aitzitik, Bilbo aldeko esatariek ezin izango dute horren perfektua izan denik esan; Bartzelonan jokatutako norgehiagokan burumakur atera behar izan ziren zuri- gorriak zelaitik. Talde bizkaitarraren aurkako norantzan ikusten ditut Mendilibarren mutilak.

Ni neuk ere lokatzez margotutako igandea izan dut; Etxabarriko mendi lasterketan hartu nuen parte. Artxanda mendiko aldapak ezagutu nituen eta besteak beste, duela urte batzuk betirako itxi zuten atrakzio parkearen ingurutatik pasa ginen; ikastolatik bertara eginiko txangoak etorri zitzaizkidan burura. Nostalgiko samar nabil aspaldian.
Abenduarekin urtea bukatzen dela esan zuen noizbait norbaitek eta Antxintxiketan kirol elkarteak korrika bukatzeko asmoa duzuenoi San Silbestre berri bat eskainiko dizegu. Ostiralean taldeak egindako bileran zehaztu genituen falta zitzaizkigunak; afari baten bueltan izan zen, Pelayo chef mitxelingarriaren eskutik. Eskisitooooo….
Datorren asteburua luzeagoa izate aldera edo, astegun gutxiago ditugu. Duela gutxi Cadizen hitzartutako aintzinako kontituzioaren urteurrena ospatu zuten. Ea bada, laster batean, espainolek soilik ospatzen duten ezarritako konstituzio moderno hau. Crossek eskatzen duten ahaleginaren pare eta euskarak eskaintzen digun identitate indartsuenaz baliatuz, bilatu beharko dugu etorkizuneko konstituzio propioa.