21410 DORTSALAREN BEGIRAGAK

     Goizeko 10.25 dira eta Behobiara iristear nago. Bost minutu baino ez dira gelditzen dortsal horiak Donostiarantz abiatzeko. Lasterketa honen ikuspuntu ezberdin bat ezagutzeko zorian nago; nire 15. Behobia- Donostia izango da, aurtengoan lasterketa berean baina ezberdinean nago. Nire alboan Iratxe daukat. Eguraldi euritsuari so, egin beharreko 20kmak irudikatzen.
            Dagoeneko, Joxeinaren erritmopean, irteeran gaude. Hotza eta hezetasuna saihestu aldera, zakarrontzi poltsak mirariak egiten dituzte. Soinera erortzen zaizkidan tantek bezperan jokatutako Raidera eraman nau. Amaieran bada ere, Zubirin ere euria izan genuen; orientazio jokoak trebetasun dexente eskatzen bazuen ere, nahiko ondo moldatu ginen balizen bilaketa desesperatuan. Raiden lehen Euskal Liga zegoen jokoan eta azkenerako 11. lekua eskuratu dugu. Ligako Raid guztietako lana eskertze aldera ardo botilak oparitu zizkiguten. Dagoeneko, Zubiri aldean ere, ezagutzen dituzte Bakoren jarraitzailerik fidelenak nonbait.
            5, 4, 3, 2, 1…aurrera…bagoaz Donostiara. Zakarrontzi poltsak inguruari pasaia plastifikatuaren itxura emateko utzi ditugu errepidearen petrilean. Lehen bi mila metroak erritmorik egokiena hartzeko erabili ditugun honetan, Barakaldon zendutako emakumeak izan duen azken erritmo beltzetik alderatzeko nahia nabarmendu zait; gizarteak bizi duen egoera katastrofikoan etxe-kaleratzeak soberan daude.Gizarteak egoera honi egokitzeko saiakeran porrota bizi duen kasuetan, arazo psikiatrikoak maizago agertuko dira eta honek Barakaldo gehiago ahalbidera dezake.
            Irun igarota 5. kilometrora heldu gara. Iratxek erritmo egokia eramaten du. Gustura goaz. Atzera edo aurrera begiratu, ikaragarria da ikusi ahal den jendetza. Bezperan Baionan ere, presoen eskubideen alde izandako manifestazioan, bertaratutakoak  beste horrenbesteko itxura eman zioten aldarrikapenari. Gaintxurizketako 8. kilometroa bete dugun honetan, arnasa sakon hartzeko unea da; lasterketan daude Kataluindarren oihuak maiz entzuten dira; nazio aske bat nahi dute nonbait, hau, ezaguna egiten zait, eta zuri? EAJk bakarrik gobernatuko duela baieztatuko du gaur, hezkuntza eta ekonomian hartu beharreko neurri berriek zeresana emango du etorkizun hurbil batean, ea bada.
            DYAkoak ikusten ditut errepide bazterrean. Ugari daude, badaezpada; Behobiak eman baititu edonoiz albiste tristerik. Eta DYA Bergarara ekarriko digutela irakurri ahal izan dut egunkarian. Nahi duenarentzat sorosle ikastaro bat hasiko da laster batean. Barrena txistulari eta medikua ere, Teledonostin elkarrizketatu dute, arazorik ez aurtengoan.
            10. kmra iritsi gara. Iratxek pultsazioak ederki kontrolatzen ditu. Lasterketa gogorra bada ere, berau egiteko behar den entrenamendu karga are gogorragoa da, baldin eta ganoraz egitea nahi bada bederen; Iratxek, itxura guztien arabera, entrenoak egoki bete dituen traza du. Dagoeneko lagun eta ezagun ugari iritsi da helmugara; lau lerro hauen bitartez bukatu dutenen meritua nahiko nuke azpimarratu eta batik bat Larrañaga eta Bernal lagunen lasterketak, zorionak.
            Pasaiako kaian gaude. 15 km. Iratxeren aurpegian nekea islatzen da. Nire ustetan lasterketa honek duen tarterik erabakigarrienean gaude. Eutsiiiiiii. Tarte luze honek beste ekitaldi batzuetan izandako pasadizoak gogorarazi dizkit; esate baterako 2008ko Maiderren Behobia edo dortsala etxean ahaztu nuenekoa edota irteera baino lehen atzamarrean zauria egin eta odol jarioa gelditzen ez zenekoa; esparatrapu erroilu oso bat erabili behar izan nuen lasterketa honetan dudan markatik onena erdiesteko. En fin. 
            Mirakruzen gora goaz 17aren bila. Bat batean argazkia. Antton Sierra, beti bezain fidel, aupa Taka. Iratxe ederto dabil. Donostian gaude eta errepidearen bi alboetan oraindik ere gogotsu animatzen duen ikuslegoak hotzikarak sortarazten du. Gusek, Iratxeren senarrak, mobilera hots egin du, erretratua ateratzeko prest dago Bulebarrean. Bagoaz. Amets Arzallusek bezperan lortutako txapela irudikatu dut Iratxeren buruan.
            Sasiainen melena ere ikusi dut Kursaleko zubian.  Nagore eta Sologasistoarekin batera azken bultzada eman digute helmugaraino. Guseren argazkia, telebistan 10 segunduz eta zoramena. Begiak bete zaizkit Iratxe besarkatu dudanean; hunkituta nago, zoragarria izan da Arteako Speedy Gonzales berriaren lana eta kemena. Atletismoaren aurpegirik xumeena bizitzeko unea da. Zorionak eta hurrengo arte.
    

2 thoughts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude