ASTEBURUARI BEGIRA; MARTXOAK 17/ 18
Gorputz osoko minez hasi dut aste berri hau; izan ere, asteburuan egin ditudan jarduera konkretu batzuk egundoko oinazea sortu dute ene gorputzean. Agujeta itzelak ditut eszenatoki madarikatua montatu behar izanak eraginda. Ez nago pisua hartzera ohitua eta hau ezagun da horren indar gutxiko gizaseme batean. Halere, ezin kexatu Txirri, Mirri eta Txiribitonek eman beharreko ikuskizunerako taula jaso ahala, Berezaora abiatu baikinen afaltzera. Afari mundial hark estaltzen ditu oinaze guztiak. Berakatz- sopa eta txuletak earrak, Jexuxxxxxxx.
Eta horrela pasa dugu larunbata; pailazoen saioak zaintzen eta kudeatzen. Antxintxiketankirol elkarteak antolatutako ikuskizunak arrakastatsuak izan ziren. Lehen saiorako ikusle gutxi samar hurbildu bazen ere, bigarrenerako itxura aldatu zitzion Zubikoako frontoiari. Kultur ekintza erakargarri bat eskaini diogu Oñati eta inguruari eta gainera, bildutako txanponak Oñatiko Nazioarteko lasterketa antolatzeko lagungarri izango dira.
EBA maila gogorra da. Aloñak ametsa lortu zuela esan zigun mailaz igotzea lortu zuenean eta atzo, ametsetik esnatu behar izan zen. Iraun duen bitartean, kementsu aritu da lanean baina ez da posible izan eta kategorian jarraitzeko ahaleginean ito da. Halere, zorionak.
Australia aldean hasi dira dagoeneko lanean lau gurpilen gainean jarduten duten diruz, edo diamantez, eginiko automobilak. Mundialari iazko itxura berdina hartu diot; Alonso autoa hobetzeko denbora egon badagoela esanez, eta bitartean, areriorik zuzenenak puntuak poltsikoratzen. Ferrarik ez du asmatzen eta MAGNUN handiaren auto gorria datorkit gogora.
Zapi zuria ez da asteburuan entzun den kanta bakarra izan; Ganbara abesbatzak Segalariak kantuagatik euskal abesti onena interpretatu du epai- mahiaren ustez. Nafarroan egin da “A Capella” izeneko lehiaketa. Zorionak.
Basaurin duathloi berri bat egin dute eta oñatiarrak ederki ibili dira. Luis anaien aurretik Ander Agirre bergararra baino ez zen larunbatean helmugan sartu. Beraz, bertako gartzelako ziegak ekidin dituzte. Aldiz, Getafe aldean galdu eta gero, Martutene gartzelako ateak zabalik beharko lituzke norbaitek; Aranburu eta Agirretxe aulkian uztea delitua. Eta gartzelaratzeko soldaduak erabili behar baditugu, Bilbon aurki genezake bat behintzat; hirunaka, denak barrura.
Gorputzeko mina arintze aldera aspirina marabilloso bat hartu beharrean nago eta gau partean masaje bat eskatuko diot norbaiti. Eskatzea libre omen da nonbait; baina antzarrak perratzera bidaltzea…..baita ere.