ASTEBURUARI BEGIRA; MARTXOAK 10 / 11
            OUTLET asteburua izan dugu oraingoan. Oñatiko kale nagusienetan barna, txoiloen bila ikusi ahal izan dugu sasi-erosle ugari; begiratu, konparatu eta gustokoa izanez gero erosi. Salerosketaren trikimailua OUTLET hizki berdez mozorrotua; badirudi horren hizki ponpoxoek gehiago erakartzen dutela eroslea.
           
            Kale beretan eta larunbatez, baina antxintxiketan edota bizikletan, egin zen Oñatiko duatloi arrakastatsua. Bitxikerietan bitxikeri, aurtengo izen ematearen zenbatekoak OUTLET kutsua izan du. Aldiz, antolakuntzaren jarduna eta kirolarien maila, kilate handiz margotutako sasoi berriko arropak saltzeko modukoak izan dira. Gizonezkotan gertuko kirolari batek jantzi du Gipuzkoar onenaren txapela, Ander Agirre bergararrak.
            Duatleten antzera, gurpilen gainean, baina patinetan, pasa genuen guk igande goiza. Urkuluk horretarako aukera ederra eskaintzen digu. Indarberritzeko Matikuan jandako txorixo muturra: mundiala.
            EBAn ez dago eskaintza berezietarako hastirik. Kementsu ekin zioten bere momentuan Aloñako jokalariek bigarren itzuliari. Lanean temati jarraitu dute eta garipenak agertu dira. Garaipena lortzeko zorian izan da Leire Altube txantxikua Aian egin den mendiko lasterketan; hirugarren sartu zen herriko plazan. Antolakuntzak OUTLET prezioan, babajana eskaini zuen partehartzaile eta hauen lagunentzat Aiako jatetxe ezberdinetan.
            Japoniako lurrikara gogora ekarri dugun asteburu honetan, Garoña 2013an izteko dagoen agindua, erabaki politiko batez ezin dela baliogabetu gogorarazi du ekologista talde batek. Garoñak eskaintzen duen energia OUTLET egoeran dago.
            Euskadiko itzulia laster batean izango dugu geure errepidetan. Egungo Jaurlaritzaren aginduz, ziurrenik Euskaltel- Euskadik erakutsiko duen elastikoak aldaketa batzuk izango ditu. Fundazioako logoa eslogan turustikoak ordezkatu beharko du. Ikurrinaren koloreak ezkutatuko dira eta beharbada, elastiko zaharrak OUTLET prezioan salduko ditu Jaurlaritzak merkaturik beltzenean. Redio.
            Bukatzeko zertzelada batzuk marraztu nahiko nituzke. Erreala eroso ikusi nuen eta Osasunak linboa nahastu du. Gaur, astelehena, Javier Clementeren urtebetzea da. Sportingek izaera Clementista hartu du; gol gutxi sartu baina hartu ere, gutxi. Mondran Barakaldokoaren agindutara izan zen Rekartek egin zuen debuta; asko eskertuko du talde zerrajeroak OUTLET prezioko fitxa eta Aitorren borondate itzela.

           

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude