ASTEBURUARI BEGIRA; Otsailak 25/26
Leioan jokatu den orientazioko frogan iparrorratzaren laguntza behar izan dut asteburuan . Nahiz eta frogak zailtasun handirik ez erakutsi, desorientazio uneak izan ditut ordubete iraun duen lanean zehar. Hala ere, hoberantz goaz…..
Ondo orientatua ibili da Badaiotz sokatira taldea Eskozia aldean; Perth izeneko herrian jokatutako munduko txapelketan urrezko domina eskuratu du. Horrela, Jone Elorza oñatiarra, munduko txapeldun bilakatu da. Igande gauez heldu ziren Loiuko aireportura eta horrelako kiroletan gertatzen den ildotik, kazetari gutxi edo bat ere ez….Kirolarien lagun eta senideek harrera xume bezain hunkigarria egin zieten txapeldunei. Zorionak.
Azken lau urte hauetan mendi lasterketak egundoko gorakada izan dute; korrikalari asko da lasterketa mota hauek noiz hasiko zain dagoena. Nahi beste dortsalik ez eta ostiralean, azken urteetan bezalaxe, aurtengo Zegama- Aitzgorrirako zozketa ospatu zen. Eta Donostia- Hondarribia lasterketarako, 2 ordu eskasetan agortu ziren dortsalak. Mendiko lasterketak modan daude.
Desorientatu xamarrak ere ikusi ditugu asteburu honetan. Aloña Mendiko kadete mailako saski –baloi taldeak oso larria izan zitekeen istripua izan baitzuten larunbatean. Auto bat euren erreian sartu eta autobus txikiaren kontra joan zen. Susto hutsean geratu zen zorionez. Aitzitik, Anboto aldean bizia galdu du mendizale batek. Izotzetan labaindu eta hartutako kolpearen ondorioz zendu da gaztea.
Euskadiko Txirrindulari itzulia kolokan dagoela ere entzun dugu. Dirurik ez dagoela. Murrizketak murrizketa, Espainiako Itzulia geurean eta bertakoa berriz, auskalo. Zoritxarrez ez da gauza berria; ziko-krossa, krossa edota beste hainbat kirolek ez dute subentzio handirik jasotzen eta ondorioz, antolaketa asko bertan behera gelditu behar izan/ izaten dira.
Lasterketa herrikoi ugari izan dira asteburuan. Zumaia, Ormaiztegi eta Hernanin 10km ingurukoak eta Tuteran berriz, maratoi erdia. Tuterara ez da oñatiarrik joan, korrika egitera ez behintzat, piperrak erostera, nork jakin….
Xelebrekeriren bat edo beste ere irakurri ahal izan dut asteburu honetan; esaterako, Bayer Leverkusen talde alemaniarrean gora behera bat edo beste izan zuten bi jokalarik. Barzelonaren aurkako partidua bukatu zenean, talde bereko bi jokalarik Messiren kamiseta eskuratzeko liskar txiki bat izan zuten. Bayerreko zuzendaritzari ez zitzaion jokabide hau zuzena iruditu eta ondorioz Messiren kamiseta subastatzea otu zaio. Horrela, 11.000 € ordaindu zuen gizaseme batek argentinarraren elastikoagatik. Dirua gobernuz kanpoko erakunderen batera bideratuko da.
Igandean, Donostian, Ezker Abertzaleak beste pauso bat eman zuen Euskal Herriko egoera behin betiko konpontze aldera. Bakea prozesu demokratiko baten baitan eraikitzeko proposamena luzatu du. Badirudi alde batek baino ez dituela urratsak ematera behartuta. Bilakaera luze joango da eta denok eman beharko dugu zerbait.
Laster martxoan sartuko gara; aurtengoan egun bat gehiago beharko dugu horretarako. Honek, agian, desorientatzera eramango gaitu. Nik badaezpada, iparrorratza erabili ordez GPSa konektatuko dut.