Hilabete batzuk badira Usaetxen ortua prestatu eta letxugak eta marrubiak landatu genituela. Egunero ardura hartu dugu gure barazki eta frutak ureztatzeko eta mimotxoak ematearen ondorioz, itxura paregabeko letxugak eta marrubiak atera zaizkigu.
Guraso, bazkide zein hezitzaileak oso pozik geunden lortutakoarekin. Beraz, aste honetan asanblada batekin erabaki dugu letxugekin zer egin. Saltzen jartzeko ideia atera zen, baita zozketa bidez etxera eramatearena ere… baina azkenean guztioi gustatu zitzaigun ideia bat izan genuen: TRUKE AZOKA egitea.
Zer emango zeniguke letxuga batengatik? leloaren izenpean, letxuga etxera eraman nahi zuen edonork parte hartu zezakeen eta trukean, tomateak, gazta, azeitunak, ogia, sagarrak… eman.
Atzoko eguna heldu zen eta guraso zein bazkide ugari gerturatu ziren trukea egin eta merienda goxoa dastatzeko asmoarekin.
Argazkietan ikusi daitekeen bezala, gogotsu aritu ziren haurrak eta primeran pasatu genuen beroari aurre egiteko janari freskoak jaten.