- Ostadar beltz bat naiz
/ Jainkoaren tximino bat naiz
Arte eta krimena sarreran laguntza eskatu nuen irudi bat blog honetara ekartzeko.
Iaz ikusi eta gogoan gelditu zitzaidan irudia. Marilyn Manson (goiko irudian, mutiko zintzoa zenean) Ameriketako Estatu Batuetako musikariaren bideo-klip batean ikusi nuen: tximino bat gurutze batean itzulipurdika zebilen, abeslariak Jaikoaren tximino bat naiz esaten zuen bitartean.
Hara non, uste baino lehen heldu zaidan laguntza. Irudia Disposable teens bideoan agertzen dela jakin dut, eta Ceciliak fotograma bat bidali dit (eskerrik asko, Cecilia).
Hor dago tximinoa (oso ondo ikusten ez bada ere), gurutzearen gainean, irudiaren eskuineko partean.
Zer egiten du, ordea, Marilyn Mansonek blog honetan?
Bowling for Columbine Michael Mooren dokumentalean agertzen bazen, zergatik ez bada hemen?
Izan ere, ez dugu harritu behar pop kulturak ikonografia kristaua erabiltzen badu. Jesu Kristo baino ospetsuagoak gara orain, esaten ohi zuten The Beatlesek. Konparazioa ez dago tokiz kanpo, kontrakoa badirudi ere. Jesu Kristoren inguruko espektakulua eta The Beatles fenomenoa enbor bereko ezpalak dira.
Cecilia jatorrak Disposable Teens bideoko beste irudi bat bidali dit bere kabuz, nik eskatu gabe. Ez nuen gogoratzen halakorik, baina, Ceciliak dioenez, bideoan Azken Afaria antzezten dute. Ika-mika izan da aurten, Testamendu Berriko eskena hori publizitaterako erabili izan dutelako (Goio Aranak nik baino hobeto azalduko luke hori Superbai blogean).
Ezetz asmatu nor eseri du M. Mansonek Jesu Kristoren aulkian, mahaiburu, Azken Afarian?
Ia 2.000 urte darama instituzio kristauak – Eliza Katolikoa batez ere- irudiak erabiltzen jendearen gogoan eragiteko. Duela aste gutxi izan genuen adibiderik argigarriena. Noraino sartu da gure inkontzientean Joan Paulo II.aren heriotzaren inguruko irudi zaparrada?
Marilyn Manson tradizio luze horren beste bideo-klip bat besterik ez da.
Mezua gaurkotuta 2006ko maiatzaren 3an: Mansonen bideoa aurkitu dut YouTuben. Tximinoa uste nuen baino askoz protagonistagoa da. Hona ikusi nahi baduzue: