Kixmiren ekuazioa

Simio bat ipur masailak irekitzen eta uzkia agerian uzten. Hona XVI. mendeko bestiario bateko marrazkia. Irudia klasiko bat da dagoeneko blog honetan: Hanuman tximu-jainkoaren eta Jesu kristoren bihotz sakratuetatik, Superman eta Goatse, Interneteko supergizaki anonimo nazkagarrira.

Bi urtez ibili naiz liburu bat lortu nahian. Tximinoen sinbologiaren inguruko testu askotan etengabe aipatu didate Apes and apes lore, in the Middle Ages and the Renaissance hau (Simioen eta simioen inguruko tradizioa, Erdi Aroan eta Ernazimenduan). H. W. Janson artearen historialariak idatzi zuen eta Londresko Unibertsitateak argitaratu zuen lehen aldiz, 1952. urtean. Izenburuak argi deskribatzen du liburua zertan den: simioek eta tximinoek Mendebaldeko kulturan izan duten eginkizuna aztertzen du, Ernazimendura arte.

Londresko Unibertsitateko The Warburg Institutera idatzi nuen duela aste batzuk, testua lortzeko modurik ote zegoen galdetzeko. Liburua aspaldi agortu zela erantzun zidaten, baina 1976. urtean berriz inprimaturiko edizioko ale bakar bat geratzen zitzaiela.

Eskuartean dut, azkenean, ale hori, eta ez du Londresko soto edo bulego batean 31 urte eman izanaren zantzurik ageri.

Berehala hasi naiz, urduri, orriak pasatzen. Kixmiren misterioa behingoz argituko duen testua edo irudia aurkituko al dut simiotikaren biblia honetan?

Baina liburuak barre egin dit, berehala, kupidarik gabe.

Begiak zuzenean joan zaizkit, iman batek erakarrita bezala, 269. orrialdean dagoen ilustrazio honetara.

engraving copy

Florentziako (egungo Italia) grabatu bat dela dio Jansonek, 1470. urte inguruan eginikoa. Marrazturiko bestiario batean argitaraturikoa, hau da, animaliak deskribatzen dituen liburu batean. Benetako eta fikziozko animalien artean, lau simio agertzen dira.

Horietako bat babuinoa dela argitzen du grabatzaileak, inskripzio baten bitartez, eta simio mota horien sexurako grina nabarmentzen du marrazkian.

Nire arreta, ordea, lehen lerroaren erdiko marrazkiak erakarri du. Ipurdi masailak zabaldu eta uzkia agerian uzten duen simio bat erakusten du.

engraving

Liburuaren egileak ez du hitzik ere egiten irudi honen inguruan. Ziurrenera, testuingururik ez duelako simio horren keinua kokatzeko. Hainbatetan hitz egin dut blog honetan irudi horren inguruan. Keinu horren genealogia saio bat ere egin dut, grafiko honetan laburbilduta:

uebermenschazkena

Jansonek berak ere aipatzen du “Kreazio Bikoitzaren ideia zaharra” tximinoen ikonografia azaltzean (86. orr.): Deabrua Jainkoaren kreazioa imitatzen saiatzen da, baina kopia txar bat baino ez du lortzen. Georges Bataillek ideia hori hartu zuen berriz XX. mendean, baina jainkoak eta deabruak albora utzita, munduaren berezko “izate parodikoa” salatu zuen.

Ipurdia zabaltzen duen pertsonaia hauek bihotz sakratuaren gaiaren parodia jokoan jartzen ari direla dirudi, Goatse irudia Interneten aroan eta Florentziako grabatu horretako simioa XV. mendean.

Irudia eta kontrairudia, keinua eta keinuaren parodia, jar daitezke orain elkarrekin, formula berean. Interesgarriena da tximinoa ekuazioaren bi aldeetan aurkitzea. Bide bat izan daiteke inkognita argitzeko.

ekuazioa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude