Erantzun errazak

Bai, ez zen zaila bideoan azalduriko asmakizunari erantzuna bilatzea.
(Hona bideoa berriz, ikusi ez baduzu).

Traperok arrazoia du: tximinoak badaude, aingeru bat badago eta hau KIXMI bloga bada,… Nor biziko da ba etxola horretan?

Jesukristo, jakina!

Pelikula batetik ateratako irudiak dira. Kristoren azken tentaldia (The last temptation of Christ) filmetik, alegia.
Martin Scorsese zuzendari estatubatuarrak plazaratu zuen pelikula 1988. urtean. Nikos Kazantzakis idazlearen O Teleutaios Peirasmos, eleberrian oinarritu zen.

Eleberriaren, zein pelikularen, ideia aski sinplea da: Jesukristo gizakia ere baldin bazen, gurutzean zintzilikaturik zela ez ote zuen izango tentaldirik heriotza baztertu eta bizitza arrunta izateko?

Narrazioak erakusten du nolakoa litzateke Jesus gizakiaren bizitza alternatibo hori. Mari Maddalenekin ezkondu, haurrak egin, emazteari adarrak jarri, gizaki bezala hil…

Mahomari eginiko “irainak” direla eta musulmanak kalean diren honetan, ongi dator gogoratzea pelikularen inguruan 1988 horretan gertaturikoa. Talde kristau fundamentalistek sekulako kanpaina antolatu zuten filmearen aurka. Estudioari negatiboa erostea eskaini zioten, erretzeko. Parisko Saint Michel zinearen barrura koktel molotov bat jaurti zuen talde ultrakatoliko batek, filma ikusten ari zirela. Gutxienez 13 pertsona zauritu zituen, hiru erredura larriekin.


(Jesukristo eta Maria Maddalen, etxolan)

Eta tximinoak zer?

Kontuak kontu, KIXMI blogan tximinoak interesatzen zaizkigu, ezta?

Jesukristo etxola horretan dago. eta Maria Maddalenak gurutzeko zauriak sendatzen ari zazizkio. Oraintxe hasi du bere bizitza gizatiar alternatiboa.
Ez dakit tximinoak Kazantzakisen liburuan ere agertzen ote diren. Baina pelikulakook, behintzat, esan nahi argia dutelakoan nago.

Deabrua simia dei (Jainkoaren tximino) gisa. Ideia zaharra berriz ere agertzen da hor. Deabrua tximino imitatzaile gisa, gezurrezko unibertsoa ehuntzen gizakiak engainatzeko.

Aingeru hori deabrua da, Jesukristo tentatu duena gizaki bezala bizi dadin. Bizitza alternatibo bat antolatzen dio, Jainkoaren kreazioa imitatuz.
Baina Philip K. Dick idazleak nabarmentzen zuen bezala, deabruak mundu alternatibo faltsuak eraikitzen baditu, nola bereiziko dugu egiazkoa zein den. Nola dakigu, beraz, bizi dugun hau dela benetakoa, eta benetako bakarra?

Bideoko galdera konplikatu zaigu, beraz. Nor bizi da etxola honetan? Gu guztiok?

Baina lasai, pelikula bat baino ez da.

Erantzun bat “Erantzun errazak” bidalketan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude