Jane Goodall, elkarrizketa

janegoodall4

  • Arpilaketa geratu ezean, gizateria osoa hondoratuko da tximinoekin batera

Hala esan dit txinpantzeak ikertzen oihanean 45 urte pasatu dituen zientzialariak.

Jane Goodall (Londres, 1934) Bakearen Mezulari izendatu zuen Nazio Batuen Erakundeak 2002an, baina Tanzaniako Gombe natur parkeko txipantzeekin eginiko lanarengatik da ezaguna. Oihanean pasatu zituen 45 urte, tximinoak aztertzen. Txinpantzeek tresnak erabiltzen dituztela deskubritu zuen 1960. urtean. Lehen aldia zen halakorik frogatzen zela, eta gizakiaren definizioa aldatu behar izan zuten zientzialariek, hori tximinoengandik bereizten jarraitzeko. Jane Goodall institutua sortu zuen txinpantzeak eta haien bizilekuak babesteko. Azken urteotan, urte ia osoa bidaiatzen ematen du, bizidun ororekiko errespetu mezua zabaltzen.Tximinotaz eta kristautasunaz mintzatu gara, besteak beste.

Bartzelonan zegoela harrapatu dut, telefonoz. Irakurtzea baino nahiago baduzu elkarrizketa entzun, hemen duzu podkasta (ingelesez dago, Goodallen partea behintzat). Azpian, elkarrizketaren euskarazko bertsioa. Badakizue, laburragoa da, gauza batzuk kanpoan geratu dira,trikimailu txikiak egin behar izan ditut nire galderek horren txatxu eman ez dezaten, tradutore traditore, eta abar… beti bezala.

powered by ODEO

Txinpantzeen eta gizakien genoma dekodetuta, argi geratu da bi espezieak hurbileko ahaideak direla, eta azken ikerketa genetikoek iradoki dute gizakion eta txinpantzeon arbasoek elkarrekin izan zituztela haurrak lau milioi urtez. Garaia da txinpantzeak berriz homo familian onartzeko?

Ezetzean nago ni, egia esan. Desberdintasun asko daude oraindik bi espezieon artean. Gainera, txinpantzeak homo familian sartzeak jende piloa haserrearaziko du, eta, hortaz, uste dut ez diela txinpantzeei batere lagunduko. Hala uste dut nik, behintzat. Txinpantzeak harrigarriak dira, zoragarriak, uste baino antz handiagoa dute gurekin, genetika aldetik izugarri hurbil gaude. Portaera ereduak partekatzen ditugu, nortasuna dute, gogamena, sentimenduak… Baina ez dira gizakiak, eta hori ez da gauza txarra, gizakiok portaera zoroa eta ergela dugulako egun. Planeta suntsitzen ari gara.

Txinpantzeak gure familiako kideak izatea ez dugula merezi esaten ari zara?

(Barrez) Agian, horixe pentsatzen dut, bai. Gizakia tximino handi gisa deskriba daitekeela? Bai horixe, tximino handiak gara. Nik 45 urte pasatu ditut haiekin, eta badakit antzekotasun harrigarriez gain desberdintasunak ere baditugula. Edonola ere, tximino handiei hainbat eskubide emateakbizitzeko eskubidea edo torturatuak ez izateko eskubidea, esaterakoez du kalterik egingo.

Tximino Handia Egitasmoaz ari zara, hau da, txinpantzeei, bonoboei, gorilei eta orangutanei oinarrizko eskubideak emateko kanpainaz. Bat zatoz horrekin?

Ni neu ez nabil hortik tximinoen eskubideen alde mintzatzen, asko falta zaigulako oraindik gizaki guztiok eskubide horiek izateko. Munduko leku gehienetan giza eskubideen bortxaketa izugarriak gertatzen dira. Beraz, ez dut uste tximinoen eskubideak hobetuko direnik. Urteak beharko dira horretarako. Ni gizakien erantzukizunaz mintzatzen naiz. Saiatzen naiz jendeari ulertarazten animalien erreinuko kideak garela eta ez gaudela hortik aparte. Saiatzen naiz ulertarazten ez dagoela muga zorrotzik haien eta gure artean. Horrek laguntzen digu hobeto ulertzen naturan dugun lekua. Halako adimena, halako garuna dugunez geroztik, ideiak eztabaidatu ditzakegunez eta jakintza parteka dezakegunez geroztik, onartu behar dugu planeta honen etorkizunaren erantzuleak garela. Ez dugu erantzukizun hori onartuko egoera hobeto ulertu arte. Hori da nire lana: jendeari kontzientzia piztea, munduan gaizki doana ikusten laguntzea. Horregatik ari naiz halako ahalegina egiten gazteak hezteko egitasmoan.

  • Txinpantzeak homo familian sartzeak jende asko haserrearaziko du eta ez du mesederik egingo

Eliza katolikoak oso gogor jo tximinoen eskubideen aldeko kanpainaren aurka…

Saihestezina zen hori, eta txinpantzeak homo familiakoak direla esango bazenu, are okerragoa izango litzateke. Nire ustez, ordea, Elizak hori gaitzestea gaizki ulertze baten ondorioa da: uste dute tximino handiei giza eskubideak emateaz ari garela. Ez dugu halakorik esan, ordea. Gizakiei hainbat oinarrizko eskubide ematen dizkiegu: torturatuak ez izateko, bizitzeko eta askatasuna izateko eskubideak. Hiru eskubide horiek nahi dizkiete eman tximino handiei, eta, ziurrenik, beste animalia batzuei ere. Horrek ez du zerikusirik erlijioarekin. Animaliok orain arte baino hobeto tratatu beharko genituzkeela gogoratzeko ohartarazpen filosofiko edo legezkoa litzateke.

Ez duzu uste kultura kristauak baldintzatu duela tximinoekiko dugun harremana?

Hala uste dute batzuek. Nik lagun interesgarri bat daukat, Alemaniako apaiz jesuita bat. Nik idatzitako In the shadow of man (Gizakiaren itzalpean) liburua irakurri zuen apaiztegian zegoela.

Bere gotzainarengana joan zen, urte bat libre eskatzeko. Denbora horretan atzera egin nahi zuen, Jesu Kristoren garaira ahalik eta gehien hurbiltzeko, jatorriko kristautasunak animaliekiko zer-nolako jarrera zuen ikusteko. Aurkitu zuenez, lehen kristauen garaian inork ez zuen iruzkin bakar bat ere egin gizakiek arima izateaz eta animaliek ez. Adibiderik onena San Frantzisko da hor, animaliei «anaiak eta arrebak» esaten baitzien. Laguna urduri zegoen, tesia gotzainari erakutsi behar ziolako. Izan ere, kristautasun modernoak animaliekiko duen jarrera kritikatzen ari zen, hau da, menpekotasunaren ideia. Gotzaina, ordea, erabat hunkitu zen, eta informazioak kristautasunaren jarrera betiko aldatuko zuela esan zuen. Eskutitz pertsonal bat bidali zidan gotzainak. Beraz, litekeena da kristautasunak jendeak tximinoekiko duen jarrera baldintzatu izana. Dena den, dotrina katolikoak orain eboluzioaren ideia onartu duela uste dut. Beraz, duela zazpi milioi urte gizakien arbaso bat tximinoen antzekoa izatea ideia onargarria da orain. Egun baliteke katolikoek izpiritu santuaren etorrerak eboluzioan izaniko eginkizuna nabarmendu nahi izana.

  • Eliza katolikoak gaizki ulertu du tximinoei oinarrizko eskubideak emateko egitasmoa

Afrikan hasi zenuen zure ikerketa, Louis Leakey antropologoarekin. Gaur egun gehiago interesatzen zaizu tximinoen etorkizuna gizakien iragana baino. Lotuta ikusten duzu bi espezieon etorkizuna?

Litekeena da Afrikan etorkizuna lotuta egotea, baina ez dut uste Afrikako tximinoen etorkizunak txinatarrengan, esaterako, eragina izango duenik. Badut ustea, ordea, ingurumena suntsitzeari uzten ez badiogu, berriztatzen ez diren natur baliabideak arpilatzeari uzten ez badiogu, gizateria osoa hondoratu egingo dela tximinoekin batera, haiek lehenbizi. Galdu egingo dira, egun munduan ikusten dugun suntsipenerako joera orokorraren ondorioz.

Zergatik du gure gizarteak antz handiagoa txinpantzeen gizartearekinhierarkia, oldarkortasunagozoagoak diren bonoboen gizartearekin baino?

Tximinoek eta gizakiok arbaso bat partekatzen badugu, argi dago harengatik jaso ditugula joera oldarkor asko. Gizakiak zein txinpantzeak izugarri bortitzak eta ankerrak izan daitezke, biek izan ditzakete lurraldearen inguruko gatazka hilgarriak. Baina arbaso harengandik jaso ditugu biok amodiorako, errukirako eta altruismorako joerak ere. Guztiak frogatuta daude txinpantzeen artean. Guk bezala, alde iluna daukate haiek ere. Baina guk askozaz ahalmen handiagoa dugu gure joera oldarkorrak kontrolatzeko. Gure garunak balio moralak sortzeko aukera ematen digu.

Txinpantze batek giza haur bat amari eskuetatik erauzten eta hiltzen ikusi zenuen zuk behin. Horregatik erabaki al zenuen txinpantzeekin komunikatzeko saiorik ez egitea haiekin basoan zinela?

Ez. Hasieratik erabaki nuen haien mundua leiho batetik ikusi nahi nuela eta ez nuela mundu hori kutsatu nahi. Badakit ni han egoteak eragina zuela haiengan. Badakit iraganean David Greybeard (Dabid Bizar-urdin, irudian) txinpantzea orrazten ibili nintzela, eta jolastu nintzela beste birekin. Okerra izan zen, ziurrenera, baina berriz egingo nuke halako egoera batean egonez gero. Izan ere, erabat basatia den animalia baten konfiantza irabazten baduzu, urtebetez gizakiengandik iheska ibili den animalia batekin jolastera heltzen bazara, sekulako saria da hori, eta, ziurrenera, horrek eman zidan kemena 45 urtez jarraitzeko. Ni ez nintzen zientzialari gisa hasi. Txinpantzeak ikertzen hasi nintzenean ez nuen unibertsitate lizentziarik. Louis Leakeyk esan zidan doktoretza lortu behar nuela, etorkizunean ikerketetarako dirua jaso ahal izateko. Berak bidali ninduen Cambridgera.

Azkenaldian ez duzu ikerketa lanik egiten. Txinpantzeek enbaxadore handi bat irabazi dute, baina ez duzu uste gizakiok zientzialari handi bat galdu dugula?

Ez dut ikertzen, baina talde zoragarri bat daukat han. 20 urtez trebatu nituen, eta material guztia aztertu nuen. Egun ere, gainbegiratzen dut ikasleen lana. Datuak biltzen ari dira, nik egin nuen bezala. Beraz, Gombetik ateratzen den zientzia materialaren gaineko itzal handia dut oraindik. Baina zer zentzu luke zientzialaria izaten jarraitzeak txinpantzeak poliki galtzen diren bitartean, euren oihanarekin batera? Horregatik sentitu nuen erabat ezinbestekoa zela ni nire oihan maitetik ateratzea eta txinpantzeei eta beste izakiei ahotsa ematen saiatzea.

Zer egin daiteke haien alde?

Gauza garrantzitsuenetako bat da ulertzea tximino handiak oihanean babesteko inguru horietan bizi den jendearen egoera hobetu behar dugula. Gombeko txinpantzeak betiko galduko dira, hango jendea kontserbazio ahaleginetan partaide izatea lortzen ez badugu. Pobrezia gorrian bizi dira, ordea, eta bizilekua erabat hondaturik dago, populazioa hazi egin delako eta errefuxiatuak heldu direlako. Horregatik, egitasmo bat abiatu genuen, zuhaitz mintegiak sortuz, lurraren higadura kontrolatzeko. Mikrokredituak eman genituen, emakumeek euren egitasmo txiki iraunkorrak antola zitzaten. Beka sistema jarri genuen indarrean, neskek bigarren hezkuntza izan zezaten, eta familia planifikazioaren inguruko informazioa eman genuen. Jende horrek, orain, zuhaitzak berriz hazten utzi ditu, eta Gombeko txinpantzeek beste talde bakartuekin harremana izan dezakete orain.

  • Nire lanik garrantzitsuena gazteei itxaropena ematea da, mundua alda dezaten

Belaunaldi gazteengan jartzen duzu itxaropena?

Mezu bat daukat emateko, eta ez du zuzenean zerikusirik tximinoekin. Ikasle askok telebista ikusita eta egunkariak irakurrita, munduaren egoera ikusten dute eta itxaropen oro galtzen dute. Nire lanik garrantzitsuena gazte horiei itxaropena ematea da. Egunero egiten duguna garrantzitsua dela eta gauzak aldatzen dituela ulertarazi nahi diet. Gure hezkuntza programan parte hartu dutenek eutsi diote gero ere filosofia honi: bizitza dirua egitea baino gehiago da. Eta gazte hauek ari dira dagoeneko egitasmoak gauzatzen eta mundua aldatzen. Itxaropenik ez badago, ez dago inorentzat, ezta tximinoentzat ere. Itxaropena oihanetik dator.

——————————————————————–

Tximino Handia Egitasmoa (Great Ape Project) nazioarteko ekimen bat da, Nazio Batuen Erakundeari tximino handien eskubideak aldarrika ditzala eskatzeko. Txinpantzeei, bonoboei, gorilei eta orangutanei orain artean gizakiei soilik aitortzen zaizkien onarrizko eskubideak ematea da helburua. Primatologo, psikologo eta etikaz kezkaturiko pentsalari talde batek sortu zuen egitasmoa, Paola Cavalieri eta Peter Singer filosofoak buru, 1993an. Animaliok gizakiekin daukaten antzean oinarritzen dira, haientzat bizitzeko eskubidea, askatasuna izateko eskubidea eta torturatuak ez izateko eskubidea eskatzeko.

Tximinoak Espainiako Legebiltzarrean

Hil honen amaieran bozkatzekoa da Espainiako Legebiltzarrean Tximino Handien Egitasmoarekin bat egiteko proposamena. Berdeetako diputatu Francisco Garridok jarri du gaia Legebiltzarreko agendan, eta PSOEren sostengua lortu du. Proposamena jakinarazi zenean, apirilean, Eliza katolikoa haserretu egin zen. Euskal Herrian, asmoa gogor gaitzetsi zuen Fernando Sebastian Iruñeko eta Tuterako gotzainak. «Ezin da barregarri geratu aurrerakoiarena egiteko», esan zuen. Tximinoei «giza eskubideak» eta «enbrioiei eta fetuei onartzen ez zaizkien eskubideak» aitortzea salatu zuen gotzainak.

Oihaneko erregina

  1. Jane Goodall Londresen (Erresuma Batua) jaio zen.
  2. Afrikara joan zen, idazkari lana egitera.
  3. Louis Leakey antropologoak konbentzitu zuen Gombeko natur parkeko (Tanzania) txinpantzeak ikertzeko.
  4. Txinpantzeek haragia ere jaten dutela konturatu zen (barazkijaleak zirela uste zen ordura arte). Urte berean, txinpantzeek tresnak erabiltzen dituztela ikusi zuen. Lehen aldiz ikusi zen halakorik gizakietatik kanpo.
  5. Bi txinpantze taldek elkarri gerra antolatua egin ziotela ikusi zuen. Lau urte iraun zuen gerrak.
  6. Txinpantzeen artean ere kanibalismoa gertatzen dela behatu zuen.
  7. Jane Goodall institutua eratu zuen, tximinoak ikertu eta babesteko helburuarekin.
  8. Txinpantzeek umezurtz geraturiko kumeak adoptatzen dituztela ikusi zuen.
  9. Txinpantze taldeen artean teknologia trukeak gertatzen direla frogatu zuen.
  10. Bakearen Mezulari izendatu zuen Nazio Batuen Erakundeak.
  11. UNESCOren 60. urteurreneko domina eman zioten.

Erantzun bat “Jane Goodall, elkarrizketa” bidalketan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude