Tximinoaren urtea

Tximuaren urtea izan zen 1969.a egutegi txinatarraren arabera. Ongi dakit hori, ni urte horretan jaio nintzelako. Azken 12 hilabeteak ere tximinoaren urtea izan dira niretzat. Urtebete da blog hau kaitik atera zela ozeano ilunak zeharkatzeko Kixmiren bila. Joseph Ratzinger Eliza Katolikoaren buru izendatu zuten egunean hasi zen KIXMI bloga, eta hor ditugu kristau sutsuak goiko argazkian, atzo bertan Erromako San Petri plazan, Jesukristo Superman dela aldarrikatzen.

Bidaiaren lehen zati honen balantzea egiteko ordua dela iruditzen zait. Bide batez, irudi, ideia eta testu anabasan egon daitezkeen ildoak eta koherentzia apurra ikusteko aukera eman dezake atzera begiratzeak. Hona Kixmiri buruz urtebetean bidera atera zaidana.

  1. XX. mendearen amaieran minbiziak jota hilzorian zegoen margolari batek azken koadroa egin zuen. Irudian margotu zuen azken gauza KIXMITRON hitza izan zen.
  2. Ameriketako Estatu Batuetako musikari batek Jainkoaren tximino bat naiz abestu zuen. Kantarekin bideo bat egin zuen. Bideoan txinpantze bat gurutze batean kulunkatzen zen, eta Jesukristoren lekua hartzen zuen Azken Afarian.
  3. Idazle batek KIXMI botere totalitarioaren errepresentazioa dela idatzi zuen. Inperioaren gezurra salatzeko hereseek erabilitako formula bat da KIXMI, tren batean esan zidanez.
  4. Botere gosearen zentzugabekeria tximinoen bidez irudikatu zuen zine zuzendari batek, Lope de Aguirre protagonista duen pelikula batean.
  5. XX. mendearen hasieran tximino buruz apainduriko gurutze bat aurkitu zuen lurperaturik AEBetako idazle batek Hego Kalifornian, hango indioek egina, omen.
  6. Hegoafrikako artista batek giza-tximinoak eta ikonografia kristaua erabili ditu Apartheid-a salatzeko.
  7. Irakurle batek tximino panpinak gurutziltzatu zituen, argazkiak egin eta bidali egin zizkidan, erronka gisa edo.
  8. Imitazioaren bitartez, tximino bat gizaki bihurtu eta gizakia baino gizakiago izatera heldu zela kontatu zuen idazle batek.
  9. Egipton tximinoak jainko izan zirela azaldu nuen. Thot jainko babuinoak Jesukristorekin duen parekotasuna aztertu nuen.
  10. Artista batek Bilboko Guggenheim museoa suntsitzeko kanpaina abiatu zuen. Museoaren hondakinak tximino orrolarien bizileku bilakatuta irudikatu zituen.
  11. Gizakiaren eboluzioaren une batean mutazio genetiko batek mintzaira garatu zuen, eta mutazio berak eragiten dizkio psikosiak gizakiari. Teoria hori ikertzen dabilen psikiatrak esan zidanez, gizakia tximino eskizofreniko gisa defini daiteke.
  12. XVI. Mendeko grabatugile baten ikonografian tximinoak duen sinbologia aztertu nuen, eta beste tximinoaren amabirjina bat aurkeztu nuen.
  13. Hanuman Indiako jainko-tximinoaren berri eman nuen. Mendebaldeko mitologiako hainbat pertsonaiaren aitzindaria izan zitekeela azaldu nuen, besteak beste Jesukristo eta Superman.
  14. XVI. Mendeko Italiako margolari batek Inkisizioarekin izaniko arazoen berri eman nuen. Besteak beste tximino bat sartu zuen Jesukristoren Azken Afarian, eta inkisidoreei ez zitzaien oso egokia iruditu. Margoan tximinoa aurkitzeko lehiaketa antolatu nuen, eta irakurle batek eraman zuen saria (gorila bat, nola ez).
  15. Azaroaren 27an Eliza Katolikoak San Buda eguna ospatzen duela kontatu nuen. India eta Mendebaldearen artean mitoak nola trukatu diren agertzeko adibide bat da San Josafaten istorioa.
  16. Kristautasunaren historiaz munduan dagoen aditu handienetako batek zera esan zidan hitzez hitz: Jesukristo plagio hutsa da.
  17. XX.mendeko artearen abangoardian Picassok eta beste hainbat tximinok izaniko garrantzia azaldu nuen.
  18. Gizakien eta tximinoen DNA ikertu dituen zientzialari korear batek azaldu zidanez, txinpantzeak hurbilago daude gizakietatik beste tximinoetatik baino, eta Homo generoan sailkatu beharko lituzkete.
  19. Tximinoak pertsona gisa erretratatzen dituen argazkilari baten istorioa kontatu nuen, eta tximinoen pasioaz mintzatu zitzaidan artista.
  20. Kixmi euskal mitologian elementu arrotza dela esan zidan antropologo batek, eta ikerketa hau ezerezean geratzeko arriskuaz ohartarazi ninduen.

Hau da balantzea. Litekeena da datorren urtekoa ere antzeko saltsa-maltsa izatea. Hau ez da zientzia, badakit. Balekotzat hartzeko oso posmoderno izan behar duzu. Eta edonola ere, sumatzen da dagoeneko KIXMI hirutasun santuaren sinbolo perfektua dela. Tximinoak, gizakiak eta supergizakiak osaturiko hirukiarena, alegia.

2 erantzun “Tximinoaren urtea” bidalketan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude