Jainkoaren telebista eta Lady Di-ren tximinoa

Jaime Rodriguez Arabako Errioxako Erremelluri ardandegiaren jabea da. Egia esan, Erremelluri osoaren jabea da, antzinan herrixka izan zena, mahasti eta ardandegi bat baino ez baita egun. Edonola ere, bada gauza bat gehiago Erremellurin: baseliza bat. Zortzi urtez, udak igaro zituen han Vicente Ameztoi margolariak, azken urteak. Han margotu zuen Paraiso irudia. Tximu bat lehen planoan eta KIXMITRON hitza agertzen du margoak. Zergatik ordea?

Ameztoiren asmoak zuzenean ezagutu zituen Rodriguezek. Ardoaz bezala mintzo da arteaz.

Zergatik eskatu zenion Vicente Ameztoiri Paraiso koadroa eta Erremelluriko baselizako beste margoak egiteko?

Bixente gure laguna zen eta noraezean zebilen garai horretan, erabat galduta.

Zergatik galduta?

Gaixotasun larria izan zuen bizitzako azken urteetan. Haren anaia hemen bizi zen, ardo enpresa bateko gerentea zen. Bixente askotan etortzen gure etxera. Nik abandonaturiko baseliza daukat hemen. Noraezean zebilela ikusi nuenez, zera proposatu nion, etxaldea inguratzen duten toponimoen inguruan lan egitea. Santu izenak dira toponimo horiek, eta antzinako herrixkak adierazten dituzte. Beraz, santuen inguruko koadroak egitea proposatu nion.

Eta paradisua egiteko ideia?

Nik infernu bat egitea nahi nuen, pertsona batzuk horretan sartu nahi nituelako. Baina berak esan zidan ez zuela infernurik egin nahi, paradisu bat egin nahi zuela. Ondo iruditu zitzaidan, eta hori da historia. Bixenteren azken koadroa da. Lehenbizi santuak egin zituen, eta azkena Paraiso hau da. Ez zuen bukatu; koadroak inoiz ez direla bukatzen esaten zuen.

Hitz egin al zuen inoiz margoan agertzen den tximinoaren inguruan?

Tximinoak esplikazio erraza du. Paradisua azkenetan dago. Adan eta Eba bekatu egiteko zorian dira, eta bazterrak izugarri nahastuko dira. Hor dagoen zezena adarkadak ematen hasiko da. Zezenak aldamenean dagoen zaldiari ekingo dio. Aztore batek usoen kontra joko du. Anabasa izugarria antolatuko da: bukatu da paradisua. Baina tximinoa zaharragoa da. Gertaera ikusten ari da, ixilik, berari ez diolako eragiten. Ezaxola dago erabat.

Trajez eta gorbataz jantzita dago.

Gorbata beltza darama, dolua adierazteko. Izan ere, Bixente tximinoa margotzen ari zela, hil egin zen Lady Di. Guk adarra jotzen genion, Lady Di neska txatxu bat besterik ez zela esaten genion. Baina Bixentek ezetz zioen, oso neska jatorra zela. Hura defendatzen zuen, nik ez dakit zergatik, Bixenteren gauzak ziren.

Tximinoak zer adierazten duen esan al zuen?

Tximino horrek ez du gizateriarekin zerikusirik. Gizadiarekin gertatzen ari dena ikusten ari da, baina hondamenditik urrun.

Telebista pantailan KIXMITRON jartzen du. Zergatik?

Adan eta Ebaren bekatua agertzen du pantailak. KIXMI Jesukristo da euskal mitologian, eta TRON hitzak telebista adierazi nahi du.

KIXMI hitzak tximinoa esan nahi omen zuen. Loturarik al dago?

Bixentek beste zer edo zer bilatzen zuen. Naturaz gaindiko izaki horren telebista adierazi nahi zuen. KIXMITRON Jainkoaren telebista da.

Koadroa eta inguruak ikustera konbidatu nau ardogileak. Joango naizela esan diot. Erremelluri non dagoen begiratzen ibili naiz, baina ez dator mapetan. Paradisua bezala.

Erantzun bat “Jainkoaren telebista eta Lady Di-ren tximinoa” bidalketan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude