Non dago Kixmitron? sarrera irakurri duzutenok badakizue udaberrian e-mail bat bidali niola Artelekuko zuzendariari –Santi Eraso jaunari- Vicente Ameztoiren “Paraiso” koadroaren “misterioa” argitzeko.
Atzo jaso nuen erantzuna, urte erdi pasa ondoren. Komunikazioa Interneten aroan.
Kontatu nuenez, 2000. urtean ikusi nuen margoa, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneak Vicente Ameztoiri eskainiriko erakusketan. Koadroan telebista pantaila erraldoia agertzen zen. Horretan erloju batek: 06:59 ordua markatzen zuen eta pantailak marka zuen: KIXMITRON
Haluzinazio bat izan ote zen galdetzen nion nire buruari. Izan ere, Artelekuk, KMk eta Gizpuzkoako Foru Aldundiak 2000. urtean argitaraturiko Eliztarrak-Mundutarrak. Erremelluriko sainduak, paradisua eta beste lan batzuk liburuan margoaren erreprodukzioa argitaratu zuten, baina argazki hartan ez zen KIXMITRON hitza agertzen.
Hipotesia bota nuen: Libururako argazkia margoa bukatu aurretik egin zuten. Horrek iradokitzen zuen Ameztoik hil aurretik aldaketa bat egin ziola margoari: KIXMITRON hitza gehitu.
Hona Erasoren erantzuna:
- Eli anderea:
Arrazoi guztia duzu. “Paraiso” margoa izan zen Ameztoik margotu zuen azken obra. Libururako argazkiak egin genituenean Ameztoik bukatu gabe zuen koadroa. Bukatzeko prozesuan jarri zion hitza, eta horregatik azaldu zen horrela erakusketan. Denbora falta izan zen arrazoi bakarra.
Misterio bat argituta, beraz.
Edonola ere, aitortu behar dut KIXMITRON hitzaren gaia aitzakia hutsa izan zela Ameztoi ezagutu zuen norbaitekin koadroaz eta han agerzten den tximinoaz hitz egiteko. Erasok telefono zenbaki bat eman dit. Jaime Rodriguezena, Erremelluriko baselizaren jabearena. Rodriguez ardogileak enkargatu zion Ameztoiri eliza margolanez apaintzea.
- Nik baino hobeto esplikatuko dizu zer nolako asmoak zituen Ameztoik tximua margotu zuenean. Adeitasunez, Santi.
Erremellurin –sotoan- zegoela esan didate goizean. Lurgainera noiz aterako itxoiten ari naiz.
Great Blog. Thank you… seo company